Kontxako Bandera

Orio nagusi Kontxan ere

Lehen metroetatik hartu dute aurrea oriotarrek, baina hamalau ehunenengatik amaitu dute Arraun Lagunak-en aurretik. Oriok lortu duen hirugarren Kontxako Bandera da.

Orioko arraunlariak, gaur, Kontxako Banderarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 11
11:38
Entzun

Oriora doa Kontxako Bandera. Emakumezkoek eman diote loria arraun herriari. Hirugarrenez. 2019an, 2020an eta aurtengoa. Bigarren egunean ere aurrena izan da, eta aurreko igandeko 2,16 segundoren aldeari 0,14 ehunen gehitu dizkio gaur. Arraunek egin du gaur ere bigarren, eta Tolosaldeak, lehen txandako irabazleak, hirugarren.

Ikusi gehiago:Zuzenean jarraitu du BERRIAk

Kanporako luzean egin da banderaren jabe Nadeth Agirre patroiak gidatzen duen taldea. Lehen kaletik, ziztuan atera da bigarren irteeran, aurrenekoa ez baita balekoa izan, epaileen akats bat tarteko (kronometroak kale). Udan zehar askotan egin du Oriok gaurkoa: hanka Arrauni estropada abiatu orduko. Hor bada lana eta trebezia. Gaur, horri guztiari kalearen diosala gehitu behar: ekialdeko haizea dabil, eta Aquariumak babesa ematen du. Ura ere behean, urteko itsaslter handienetakoa, eta ur gutxi, sekulako itsasbeherarekin. Ura behera oraindik estropada honetan.

Baldintzak baldintza, Oriok ez du hutsik egin. Ez gaur, ezta uda osoan ere. Justiziarik bada kirolean, Oriorekin egin du berea aurten. Lehen luzean izan ez den zirrara, bigarrenean piztu du Arraunek. Kosta zaio kanporako lana taxuz osatzea hirugarren kaletik, eta kosta zaie kanpoko bi kaleetatik (hirugarrena eta laugarrena) lehen luzea osatzea bi txandetako lau traineruei. Kontua da lanak hasi orduko geratu dela atzean Arraun. Donostiarrak ere aurrea hartu dio bigarren kaletik. Ziabogan, hirugarren zen sei segundora; Donostiarra zen aurretik, Oriotik bost segundora. Galduta zetorren Hondarribia, 14ra.

Jabea bazuen banderak, eta zirrara bahituta Oriok. Baina Arraun ez zegoen amore emateko, eta Oriori aldea jaten joan zaio. Lau traineruak, ekialdeko haizeari segika-segika, istribor aldera jo dute badiara sartu aurretik. Hirugarren kaletik zerora artean zihaozen laurak. Arraunek azkar jan dio bigarren lekua Donostiarrari, eta Oriori ere kendu dizkio segundoak. Batera ere jarri da badia barruan. Beste hiru edo gehiago behar zituen bandera Oriori kentzeko. Ezin, baina. Elkarren ondoan sartu dira, parez pare, Orio aurretik zela. 0,14 ehunen atera dizkio Arrauni, Donostiarrari 10,18 segundo, eta Hondarribiari 21,68.

Aurreneko txandan, Tolosaldearen erakustaldiari ezin segika ibili dira Hibaika, Cabo eta Chapela. Errenteriakoak izan dira bigarren, 13,50era; Cabo hirugarren, 17,94ra, eta Chapela laugarren, 21, 56ra.

Bi egunak bateratuta, honela geratu da sailkapena: Orio, Arraun, Donostiarra, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Cabo eta Chapela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.