Elx 1-4 Athletic

Athleticek hogei minuturekin nahikoa izan du Elxen

Zuri-gorriak 0-3 irabazten ari ziren 22. minuturako, Mercauren —bere atean—, Sanceten eta Nico Williamsen golei esker. Atsedenaldiaren aurretik sartu du laugarrena Berenguerrek.

Nico Williams, gaur, Atheticen hirugarren gola ospatzen. Hura izan da zuri-gorrien jokalaririk onena. MANUEL LORENZO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 11
18:28
Entzun

Cadizen 0-4, Elxen 1-4. Horiek dira Athleticek etxetik kanpo jokatu dituen azken bi neurketen emaitzak. Ernesto Valverderen taldeak nagusitasuna erakutsi du sailkapenaren behealdean dauden bi talderen aurka, eta ederki hasi du denboraldia. Hamabostetik hamar puntu lortu dituzte zuri-gorriek, bederatzi gol sartuta eta bakarra jasota.

Gaur nahikoa izan dute 22 minuturekin. Hasi eta gutxira, erdiraketa batean, aldeko penaltia eskatu du Athleticek. Baloiak eskuan jo du Elxeko jokalari bat, baina, epailearen arabera, ez da nahikoa izan. Ez die asko axola izan zuri gorriei, 9. minutuan iritsi baita lehen gola. Berenguerrek baloi pozoitsua bidali du areara, eta Nico Mercauk bere atean sartu du.

Bost minutu geroago, VARak adierazi du Enzo Rocok Nico Williamsi egindako penaltia. Sancetek bikain engainatu du Edgar Badia, eta 0-2koa jarri du. Sekulakoa zen bizkaitarren nagusitasuna, eta Nico Williamsek berak jarri dio ginga festari: gol ikusgarria sartu du eskuin hegaletik berak bakarrik egindako jokaldi batean. Neurketako jokalaririk onena izan da, ezbairik gabe.

Elxek ez du joera aldatzeko zirkinik ere egin. Denboraldia gaizki hasi du Franciscoren taldeak; puntu bakarra lortu du, baina ematen ari den irudia are eta okerragoa izaten ari da. Atsedenaldiaren aurretik Berenguerrek sartu duen gola da horren adibiderik onena. Atetik atera du Unai Simonek, Iñaki Williamsek borrokatu du baloia buruz, eta, area barruan, Berenguerrek nahikoa izan du Enzo Rocori bultzakada txiki bat ematearekin Badiaren aurrean bakarrik geratzeko.

Bigarren zatian, Athleticek ezarri du neurketaren erritmoa, eta izan ditu errenta handitzeko aukerak. Elx izan da, ordea, asmatu duena. Poncek sartu du ohorearen gola, 59. minutuan.

Elx: Edgar Badia; Lirola (Josan, 65'), Roco (Chetauya, 45'), Bigas, Mercau; Mascarell (Ponce, 37'), Gumbau (Guti, 71'), Collado (Fidel, 45'), Quina, Milla; eta Boye.

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Iñigo, Lekue; Sancet (Zarraga, 63'), Dani Garcia (Vesga, 71'), Nico Williams (Raul Garcia, 63'), Muniain (Morcillo, 77'), Berenguer; Iñaki Williams (Guruzeta, 77').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.