Getafe 2-1 Reala

Getafek ametsetik esnatu du Reala

Ez du neurketa ona egin talde txuri-urdinak, eta Enes Unalen eta Aleñaren golek erabaki dute. Brais Mendezek sartu du bisitarien gola.

Jon Pacheco burumakur, gaur, Getafen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 11
21:00
Entzun

Ostegunean garaipen historikoa lortu zuen Realak Manchesterren; gaur, ordea, porrot mingarria izan du Getafen (Espainia). Talde txuri-urdinak ez du irabazteko meriturik egin, eta zelaian nabaritu da bi taldeetako zeinek zuen irabazteko behar larriagoa. Getafek denboraldi honetan lortu duen lehen garaipena da.

Lehen minutuetatik hobea izan da talde madrildarra. Hala, hamargarren minutuan erdiraketa batek eskuetatik ihes egin dio Alex Remirori, eta penaltia egin du Jon Pachecok. Remirok, ordea, egindako akatsa konpondu du: bikain geratu du Mayoralen jaurtiketa.

Sentipenak, ordea, ez ziren onak. Getafek goian estutu du Reala, eta Sadiqekin eta Sorlothekin jokatzeko arazoak izan dituzte txuri-urdinek. Gainera, lehen zatiaren erdialdera min hartu du aurrelari nigeriarrak, eta ez du itxura onik haren lesioak.

Atsedenaldiaren aurretik heldu da, ordea, Getaferen kolpea. Area ertzean baloia eskuarekin ukitu du Beñat Turrientesek, eta faltaz gol ikusgarria sartu du Enes Unalek, luzapenean. Zoragarri jo du baloia aurrelari turkiarrak, eta ezin izan du ezer egin Remirok.

Atsedenaldian aldaketak egin ditu Imanolek: aldagelan utzi ditu Turrientes eta Kubo, eta Brais Mendez eta Silva zelairatu ditu. Bigarren kolpea, ordea, berehala hartu du Realak: 48. minutuan, ezker hegaletik jokaldia egin du Unalek, eta area ertzetik ongi amaitu du jokaldia Aleñak. 2-0.

50. minutuan, beste gol bat; oraingoan, Realarena. Momo Chok —Realeko jokalari arriskutsuenak— bikain erdiratu du, eta buruz bidali du sarera Mendezek. Hortik amaierara arte, Realari tokatu zaio estutzea. Saiatu bai, saiatu da, baina atzean bikain itxi ditu aukera guztiak Getafek.

Kontraeraso batean beste gol sartzear ere izan da Unal, baina zutoinean jo du haren erremateak. Realaren argiena, amaitzeko gutxi falta zela, Mikel Merinok izan du: korner bat errematatu du nafarrak, baina langara bidali du baloia.

Denboraldiko bigarren porrota du Realak. 7 puntu ditu ligan, eta 11. postuan dago behin-behinean.

Getafe: Soria; Damian, Duarte, Mitrovic, Alvarez, Angileri (Juan Iglesias, 51'); Algobia (Seoane, 59'), Aleña (Portu, 69'), Maksimovic; Mayoral (Munir, 69') eta Enes Unal.

Reala: Remiro; Sola (Gorosabel, 69'), Zubeldia, Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino, Turrientes (Brais Mendez, 45'), Kubo (Silva, 45'); Sorloth (Karrikaburu, 81') eta Sadiq (Cho, 37')

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.