Polizia

Gomazko 60.000 bala erosi ditu Espainiako poliziak, legebiltzarrean horiek debekatzea eztabaidatzen dabiltzan arren

ERC eta EH Bildu debekuaren alde egiten ari dira, baina Espainiako Gobernuak «mugatu» egin nahi ditu, horien erabilera ezabatu beharrean.

'Stop balas de goma' txostenaren aurkezpena, iragan urrian. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko irailaren 13a
13:01
Entzun

Gomazko 58.630 pilota erosteko tramiteak egiten ari da Espainiako Barne Ministeriotza, Espainiako zenbait hedabidek adierazi dutenez. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak beren esku dituzten izakinak «berriz hornitzeko» erosi omen ditu Espainiak.

Hain zuzen, mozal legea edo Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea erreformatzen ari dira Espainiako Legebiltzarrean, eta eztabaidako puntu garrantzitsuenetariko bat da gomazko piloten erabilera. Poliziaren sindikatuek hainbat aldiz egin du pilota horiek mantentzearen alde, horiek kentzeak «galera operatibo bat» ekarriko duela argudiatuta.

Ertzaintzak eta Kataluniako Poliziak debekatuta daukate gomazko pilotak erabiltzea, eta debeku hori Espainiara zabaldu nahi dute, besteak beste, ERC eta EH Bildu alderdiek. ERCk apirilean argitaratu zuen dokumentu batean adierazi zuen pilota horiek debekatzea dela mozal legeaerreformatzearen aldeko botoa emateko ezinbesteko baldintza, eta EH Bilduk ere hainbat aldiz adierazi du aldaketa hori beharrezkoa dela erreforma onartzekotan.

PSOEren Gobernuak gomazko piloten erabilera «mugatu» nahi du, baina ez dago horiek debekatzearen alde. Elkarrekin Podemosek, berriz, debekuaren alde egin du, baina adierazi du denbora eman behar zaiola Poliziari «jarduteko bitarteko berriak jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.