Reala 2-1 Omonia Nikosia

Garaiz konpondu dute

Realak Omoniari irabazi dio, eta lidergoan kokatu da Europa ligako E multzoan. Jokoan nagusi izan arren, kosta egin zaio erasoan, eta estutasunak igaro ditu bisitariek berdinketa lortu ostean.

Ander Gebara, neurketako une batean. Erdilari gasteiztarrak egin du Realaren estreinako gola. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 15a
21:10
Entzun

Erraz uste, eta larri ibili. Realak garaipena eskuratu du Anoetan, Omonia Nikosiaren aurka, baina estutasun uneak bizi izan ditu minutu batzuetan. Izan ere, jokoari dagokionez, etxeko taldea nagusitu da neurketako zatirik handienean, baina nagusitasun hori markagailuan islatu ezinak arriskuan jarri du Europa ligako bigarren garaipena. Azkenerako, garaiz konpondu du arazoa, berandu baino baino lehen egin baitu irabazteko gola. Rijekaren eta Sturm Grazen mamuak uxatu ditu hala, eta E multzoko lidergoan kokatu da.

Donostiako taldeak erabat itxuraldatuta ekin dio norgehiagokari. Imanol Alguacil teknikariak aldaketa asko egin ditu hasierako hamaikakoan: zazpi, joan zen osteguneko partidarekin alderatuz gero. Sarrien jokatzen ez duten zenbait jokalariren aldeko apustua egin du teknikari oriotarrak. Izan lesioek hala behartuta, izan futbolari horiek minutuak behar dituztelako. 

Besteren artean, Asier Illarramendi kapitainaren, Alex Solaren, Diego Ricoren, Ander Gebararen eta Jon Karrikabururen kasua izan da. Gehienek jarraitutasun gutxi izan dute azken boladan. Aukera probestea izan da haien xedea, eta lortu dute, hein batean. Hasi orduko hartu dute partidaren gidaritza; Zipreko taldeak atzeko lerroa indartzea izan du helburu, eta itxi egin da. Ez du erasorako imintziorik ere egin. Horrek baloi jabetza eman dio Realari, baina txuri-urdinei itxi egin zaizkie kontrarioaren aterako zirrikituak. 

Harik eta Gebarak gol bikain bat egitea lortu duen arte. Erdilari gasteiztarrak ederki probestu du Imanolek emandako aukera. Area ertzetik baloia astindu du 30 minutuan, eta sarean sartu du. Omoniako atezainak ezin izan du deus egin jaurtiketa geratzeko. 

Realak gisa horretara eskuratu abantaila, eta zailena egin du. Bideratu du garaipena, behin zipretarren atea zulatu eta gero. Errenta handitzea falta zen, zer gerta ere. Kosta egin zaio, ordea. Bisitarien mataza erabat askatu ezinda aritu dira donostiarrak.

Gainera, partidak lehengo gidoia segi du aurrerantzean. Nikosiakoak tarterik utzi gabe, defentsari erabat emanda, eta etxekoak haien ate aurrera ailegatu ezinda. Hala iragan da lehen zatia. Aurrea hartu bai, baina errematatzea falta izan zaio Realari. Halakoetan heltzen dira arazoak.

Garesti ordaintzeko hutsa

Realak bide beretik ekin dio bigarren zatiari. Zelaiko hiru herenetara aise iritsi bai, baina baloiak oinak erre dizkie txuri-urdinei, behin eremu horretara ailegatuta. Iazko sasoiko mamuak azaldu dira pixkanaka: Anoetan oinpean ibili zituen urkari eskasagoek puntuak eraman zituztenekoak, alegia.

Mamu haiek hezurmamitu egin dira 72. minutuan. Omoniako atzelariek luze jotako baloi bat Realeko atzelariek osatutako lerro artetik igaro da, eta, behin arean sartura, Aritz Elustondok ez du hura urrutzen asmatu. Ez hark, eta ez Alex Remiro atezainak. Bien arteko gaizki ulertua ederki aprobetxatu du  Bruno Felipek, markagailuan banakoa ezartzeko. 72. minutua zen.

Eskerrak Alexander Sorlothek erremedioa bazuela. Zortzi minutu geroago, lehentxeago  zelairatutako norvegiarrak Takefusa Kuboren pase bat probestu du, bigarren gola egin eta garaipena lotzeko. Azkenerako, uste baino larriago, baina Reala garaile. Baita bere multzoko lider ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.