Elkarretaratzea egin dute, 'Pantailak euskaraz, gure eskubidea' lelopean

Euskalgintzako eta kultur munduko lagun ugari elkartu dira protestan. Mugimenduak nabarmendu du Sail Ofizialean ez dela film bakar bat ere egongo euskaraz edo euskarazko azpidatziekin ikusgai.

urtzi urkizu
2022ko irailaren 16a
14:11
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren hasiera ekitaldia ospatu baino ordubete lehenago, Pantailak Euskaraz mugimenduak deitutako elkarretaratzea egin dute Kursaalaren aurrean, Zurriolako zubiaren ertzean. Pantailak Euskaraz-eko ordezkariekin batera, euskalgintzako eta kultur munduko hainbat lagunek parte hartu dute protestan. Handik metro gutxira egingo dute hasiera ekitaldia, 20:30ean, Kursaaleko areto nagusian.

Pankarta nagusiaz gain, bestelako mezuak ikusi dira: ETBk ematen dituen filmen %50 euskaraz izan daitezela eskatu dute, esaterako.

«Zinemetan, zinema jaialdietan, telebistan zein plataformetan euskaldunok bizi dugun diskriminazioa amaitzea erakundeen ardura dela uste dugu», esan dute Pantailak Euskaraz-ekoek. «Horretarako, Euskal Herrian bertan irizpideak ezar daitezke zinemaldien hizkuntza betebeharrei dagokienez eta telebista publikoan euskara lehenesteari dagokionez». Zinema aretoetan hizkuntza kuotak ezartzea ere legez egin daitekeela uste du mugimenduak.

Aurten Donostiako Zinemaldiak izango dituen emanaldiak aztertu ditu Pantailak Euskaraz-ek. Emanaldien %10 inguru izango dira euskaraz, eleaniztunak edo euskarara azpidatzita. «Kontuan izan behar da Zinemaldiko araudiaren seigarren artikuluak emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin ikusi ahal izatea ezartzen duela, baina ez dio ezer euskaraz ikusteko aukera bermatzeari buruz». Sail Ofizialean 109 emanaldi egongo dira aurten, eta horietatik bakar bat ere ez da izango euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.

«Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak eta euskaldunok horrelako diskriminazioa jasatea», diote Pantailak Euskaraz-ekoek.

Hartaz, Pantailak Euskaraz prest agertu da Donostiako Zinemaldiarekin elkartu eta datorren urtera begira euskararen presentzia nola areagotu daitekeen aztertzeko, baita proposamenak egiteko ere.

Mugimenduak gogorarazi du Euskal Herriko zinema aretoetan urte osoan estreinatzen diren filmen %1 baino ez dela estreinatzen euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.