Koronabirusa

Txertoaren laugarren dosia jartzen hasiko dira 26tik aurrera Hego Euskal Herrian

60 urtetik gorakoek, talde zaurgarriek eta osasun arloko profesionalek izanen dute txertoa hartzeko aukera

Nafarroako txertaketa guneetako bat, artxiboko irudia. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 16a
14:32
Entzun

Hego Euskal Herriko agintariek adierazi dute hilaren bukaeran hasiko direla koronabirusaren aurkako laugarren dosia jartzen. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du albistearen berri. Sagarduiren erranetan, Osakidetza, «beti bezala», prest dago txertaketa kanpainari aurre egiteko. «Garrantzitsuena da txertoak edukitzea, horiek banatu ahal izateko». Txertoak lortu bezain azkar, txertaketa prozeduren berri emanen du Osakidetzak, azaldu duenez.

Nafarroari dagokionez, zahar etxeetan dauden pertsonak izanen dira txertoa hartuko duten lehenak, 8.500 lagun inguru. 60 urtetik gorakoak, talde zaurgarriak eta osasun arloko profesionalak izanen dira hurrengoak. Hiru talde horiek urriaren 10etik aurrera izanen dute laugarren dosia hartzeko aukera. Talde horien parte ez direnak txertatzea, berriz, ez dago aurreikusita.

Carlos Artundok, Nafarroako Gobernuko osasun zuzendari nagusiak adierazi du «komeni» dela txertoa hartzea, batez ere pertsonarik ahulenek. «Pentsatu nahi dugu, eta badira aditu aunitz bukaeran gaudela diotenak, baina kasu, udazkenean edo neguan gorakada izaten ahal dugu eta».

Txerto berriak

Agintarien erranetan, laugarren dosirako erabiliko diren txertoek orain artekoek baino babes «zabalagoa» izanen dute. Izan ere, orain arteko txertoak eritasunetik babesteko «ezinbestekoak» izan badira ere, «kutsatzeen prebentzioan ez dute eraginkortasun handia izan». Txerto berria, ordea, gai izanen da aurre egiteko bai birusaren aldaera ohikoari, eta baita omikronari eta haren azpialdaerei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.