ATHLETIC 3-2 RAYO VALLECANO

Hirugarren dira zuri-gorriak

Athleticek irabazi egin dio Rayo Vallecanori San Mamesen, partida ikusgarrian. Bisitariek sartu dute lehen gola, baina etxekoek buelta eman diote emaitzari lehen zatia amaitu aurretik. 1993tik ez da horren ondo hasi talde zuri-gorria ligan.

Berenguer, Sancet eta Iñaki Williams, bigarren gola ospatzen. Sancetek sartu du. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 17a
23:00
Entzun

San Mamesek beste gau eder bat bizi izan du gaur. Partida ikusgarria izan da, hasi eta buka. Espero zen halakorik, Ernesto Valverderi eta haren ikasle onenari, Andoni Iraolari, joko bizia eta erasokorra gustatzen baitzaie. Eta aurreikuspenek ez dute huts egin.

Etxekoen zorionerako, haientzat izan da garaipena. Horri esker, Athleticek hirugarren postura egin du jauzi sailkapenean. Bartzelona eta Real Madril bakarrik ditu aurretik. Hamahiru puntu dituzte zuri-gorriek. 1993tik ez ziren horren ondo hasi ligan. Jupp Heynckes zen entrenatzailea, eta Valverde zuen haren aginduetara. Valverde, beraz, bi bolada eder horietan izan da protagonista: batean, jokalari gisa, eta bestean, entrenatzaile moduan. Beste marka bat gehiago da.

Athletic nagusi izan da gaur, baina nekez espero zitekeen halakorik partida nola hasi den kontuan hartuta. Hasi eta berehala, bosgarren minutuan, Iñigo Martinezek kale egin du, eta Camellok baloia kendu dio. Trejori pasatu dio baloia, eta aurrelariak ez du huts egin. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta Athleticek jada kolpea jaso zuen. Baten bat etxean jokatutako azken partidan gertatutakoarekin gogoratu da —0-1 nagusitu zen Espanyol—.

Baina golak ez ditu etxekoak jota utzi. Aitzitik, suspertu egin ditu; nola, gainera. Hiru gol sartu dituzte hogei minutu eskasetan. Iñaki Williamsek sartu du lehena, Dani Garciaren pase ederra jaso, eta bikain amaituta. Sancetek sartu du bigarrena, Berenguerren erdiraketa errematatuta. Eta Nico Williamsek egin du hirugarrena. Anaiak sartutakoaren oso antzekoa izan da, baina hark Yerayren pase bikaina baliatu du. Pozarren besarkatu dira bi anaiak, lehen aldiz sartu baitute gola partida berean. 3-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Rayok aukera izan du golen bat sartzeko; adibidez, Isik zutoinera bota du baloia.

Bigarren zatian ere erritmo bizian jokatu dute bi taldeek. Camellok gola sartu du 63. minutuan, baina VAR-ak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoela ebatzita. Hain zuzen, VAR-a jokaldia aztertzen ari zela zelairatu du Valverdek Ander Herrera. Lehen aldiz aritu da erdilaria zortzi urteren ostean Athleticera itzuli denetik. Ikusleek txalo zaparradarekin egin diote ongietorria.

Rayok estutu egin du azken minutuetan, eta Falcaok aldea murriztu du 81. minutuan, Iñigo Martinezen beste huts bat aprobetxatuta. Etxekoen zorionerako, Rayok ez die beste sustorik eman, eta 3-2koarekin amaitu da partida. San Mamesen geratu dira hiru puntuak. Egoera bikainean iritsiko da Athletic ligak izango duen etenaldira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.