Reala 2-1 Espanyol

Sufrituta, Espanyoli irabazi dio Realak

Sorloth eta Brais Mendez izan dira golegileak, lehen zatian. Amaieran sufritzea tokatu zaie txuri-urdinei. Zortzigarren dira sailkapen nagusian.

Alex Remiro Realaren garaipena ospatzen, gaur, Anoetan. Beste behin ere erabakiorra izan da Cascantekoa. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 18a
20:54
Entzun

Sufrituta gaur ere, baina beste garaipen bat poltsikoratu du Realak. Txuri-urdinek kolpea jaso zuten ligako azken jardunaldian, Getafen, eta garrantzitsua zen selekzioen partidak direla-eta izango duten atsedenaldira garaipen batekin iristea. Esan eta egin: ez da txuri-urdinen neurketarik onena izan, baina Sorlothen eta Brais Mendezen golei esker 2-1 irabazi diote Espanyoli.

Bere hamaikakorik onena zelairatu du Imanol Alguacilek, edo orain arte emaitzarik onenak eman dizkiona bai behintzat. Eta hori nabaritu da zelaian: Getafen ez bezala, baloiaren jabetza erabatekoa izan du Realak, eta zelai erdiko jokalarien magiari esker egin dio min Espanyoli.

Lehen gola, ordea, ez da magiari esker iritsi, lanari esker baizik: Alvaro Fernandez atezainak luze samar kontrolatu du baloi bat, eta gogor estutzen ari zen Take Kubok lapurtu egin dio. Ate aurrean, Sorlothek baloia bultza besterik ez du egin behar izan.

17. minutuan gertatu da hori, eta 19.ean berdindu du Espanyolek. Korner batean jokaldi zoragarria egin dute kataluniarrek, eta Edu Expositok (Eibarreko jokalari ohiak) bakar-bakarrik jaso du baloia area ertzean. Haren erremate indartsuak hanketan jo du atzelari bat, eta sareetan amaitu du. Ezin izan du ezer egin Remirok.

Realak, ordea, bere lana egiten jarraitu du, eta beste lapurreta bati esker iritsi zaio saria. Kasu horretan, Merino izan da baloia berreskuratu eta gidatu duena, eta azken-azkenean Braisi pase bikaina eman diona. Galiziarrak ederki amaitu du jokaldia. 2-1, 29. minutuan. Bide beretik jarraitu du neurketak atsedenaldira arte.

Sufritzen

Bigarren zatia bestelakoa izan da. Espanyolek, defentsan, ez die baloia jasotzen utzi Realaren zelai erdiko jokalariei, eta horrek joko zuzenagoa egitera behartu ditu etxekoak. Dena den, lehen minutu horietan ez du aukera askorik sortu talde bisitariak.

Azken ordu laurdenean bai, ordea. Atzean sartu da Reala (bosgarren atzelari bat ere zelairatu du Imanolek, Zubeldia), eta izan du gola sartzeko aukerarik Espanyolek. Argiena, falta batean, buruz, 85. minutuan. Remirok salbatu du Reala, eta txuri-urdinek azkenera arte sufritu dute. Azkenean, ordea, 2-1, eta hiru puntuak poltsikora.

Horiei esker, 10 puntu ditu Realak, eta zortzigarrena da sailkapen nagusian.

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais Mendez (Zubeldia, 88. min), Silva (Cho, 81. min); Kubo (Turrientes, 81. min) eta Sorloth.

Espanyol: Alvaro Fernandez; Omar (Puado, 53. min), Calero, Sergi Gomez, Cabrera, Olivan; Vinicius Sousa (Lozano, 84. min), Darder, Edu Exposito (Dani Gomez, 74. min); Braithwaite eta Joselu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.