Reala

Natalia Arroyo: «Gure aukerak izango ditugu kanporaketa gainditzeko»

Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida jokatzeko atarian, baikor da teknikaria, nahiz eta Bayern Munich talde indartsua dela aitortu. Nerea Eizagirre kapitainak taldearen «ilusioa eta gogoa» nabarmendu ditu.

ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 19a
20:47
Entzun

Realak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joanekoa jokatuko du bihar Bayern Munichen aurka Anoetan (ETB1, 19:00). Donostiarrak estreinakoz arituko dira txapelketan. Bayern ez da nolanahiko aurkaria Alemaniako talderik indartsuena baita, Wolfsburgen atzetik. Lautan irabazi du liga: 1975-76an, 2014-15ean, 2015-16ean eta 2020-21ean. Txapeldunen Ligan ere kontuan hartzeko moduko emaitzak lortu ditu. Azken denboraldietan, adibidez, bi aldiz iritsi dira finalerdietara: 2018-2019koan eta 2020-2021ekoan. Beste bitan final-laurdenetara ailegatu ziren: 2019-2020koan eta aurreko sasoian. Lina Magull, Lea Schuller, Klara Buhl eta Giulia Gwin bezalako jokalariak ditu. Baina Natalia Arroyo teknikaria eta Nerea Eizagirre kapitaina baikor dira.

Biak prentsaren aurrean izan dira Anoetan. Arroyok aitortu du faboritoak alemaniarrak direla. «Baina horrek ez du esan nahi aurrera egingo dutenik. Bayerni min egiteko eta deseroso sentiarazteko baliabideak eta indarguneak ditugu, eta gure aukerak izango ditugu. Sinetsita gaude horretaz. Partida handia izango da, sufritzeko adina gozatzeko. Taldea ondo ikusten dut».

Taldearen indargune horien artean hauek nabarmendu ditu: «Gol aukerak sortzen dituen talde bat gara, eta halako kanporaketa bat gainditzeko garrantzitsua da hori. Atzean ere talde sendoa gara, eta ondo moldatzen gara jokatzeko era desberdinetara. Bayernek azken horretara behartuko gaitu. Baina prest gaude. Aurreko denboraldiko taldea izatera gerturatzea garrantzitsua litzateke». Aurkaria honela aztertu du Arroyok. «Talde osoa da. Guri bezala baloia izatea gustatzen zaio, eta oso joko dinamikoa egiten du. Kontraerasoan indartsuak dira, eta lerro artean jokatzen trebeak. Guk ere ezaugarri horietako asko ditugu; partidako momentuak ondo irakurtzen dakien taldeak eta erritmoak ezartzen dituenak asko izango du irabazita».

Multzoaren sentipena bi hitzetan definitu du Eizagirrek: gogoa eta ilusioa. «Pertsona lasaia naiz, baina, nigatik balitz, gaur bertan [atzo] jokatuko nuke. Gogoan eta ilusioan ez gaituzte irabaziko». Taldea «prest eta indartsu» ikusten du neurketarako. «Guretzat erronka handia da, anbiziotsuak gara, irabazi egin nahi dugu beti, eta halako partidak jokatzea gustatzen zaigu. Ikusi nahi dugu halako txapelketa handi batean nola moldatzen garen. Ziur nago gauza politak egiteko aukera dugula. Kanporaketa parekatua espero dut; detaile txikiek erabakiko dute».

Arroyok jokatzeko moduan ditu lehen taldeko jokalari guztiak, eta denak daude deialdian. Talde txuri-urdinaren antzera, alemaniarrek asteburuan hasi zuten liga. 0-0 berdindu zuten Eintrach Frankfurten zelaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.