Aberastasuna

Biztanleen %1ek munduko aberastasunaren %45,6 dauka, gero eta gehiago

Munduko aberastasuna %9,8 handitu da 2021ean, Credit Suisseren txostenaren arabera. Biztanleen %1i areagotu egin zaio azken urteean aberastasuna, %1,7 hain zuzen, eta dagoeneko %45,6 dago multzo horren esku.

Yateen portuan paseoan, Cannesen. SEBASTIEN NOGIER / EFE
xabier martin
2022ko irailaren 20a
16:14
Entzun

2021. urtean, 463,6 bilioi dolarrekoa izan da munduko aberastasuna (465,3 bilioi euro), Credit Suisseren txostenaren arabera, eta aberastasun horren %45,6 fortuna globalen %1en esku dago, aurreko urtean baino %1,7 gehiago. Alegia, munduko aberatsenen artean aberatsenek gero eta aberastasun gehiago pilatzen jarraitu dute 2021ean, azken urteetako joerari eutsita.

Heldu bakoitzeko batez besteko aberastasuna 87.489 dolar izan da (87.810 euro), %8,4 gehiago. Pandemiaren urte betean ere inoizko hazkunderik handiena izan du munduko aberastasunak, %10ekoa kasik, baina %12,7koa litzateke azken hilabeteetan egon diren interes tasen igoerak aintzat hartuko ez balira.

Credit Suissen txostearen egileetako batek, Anthony Shorrocksek, azaldu du 2021. urtea «urte ona» izan dela finantzen esparruan. «Akzioen igoera orokor bat» izan dela gaineratu du, eta banku zentralen tasa apalek asko lagundu dutela. «Goiz da esateko Ukrainako gerrak zer ondorio izango duen; inflazioa eta hornidura kateetako arazoak ere hor dira», esan du Nannette Hechler-Fayd'herbek, txostenaren beste egile batek.

Zalantza horiekin ere, esan dute bost urterako aurreikuspenetan hazkunde sendoa azaltzen dela, eta, epe horretan, banako bakoitzaren aberastasuna %28 haziko dela, haien ustez. Bi urte barru, berriz, 100.000 dolarrekoa izango litzateke aberastaun hori (100.370 euro).

50 milioi euro baino gehiago patrika bakarrean

AEBak eta Txina izan dira aberastasun globalaren hazkundean ekarpen handiena egin dutenak. 19,97 bilioi euroko ekarpena egin dute AEBek, eta 11,24 bilioi eurokoa Txinak. Kanada, India eta Australia azaltzen dira hurrenak zerrendan. Halaber, AEBak daude banako ultraaberatsen aberasunaren piramidearen puntan, 50,19 milioi eurorekin. Modu orokorrean, %21 hazi da ultraaberatsen kopurua, milioidun aberatsen kopurua baino gehiago. Milioi bat euro baino gehiago dutenak %9 gehitu dira 2021. urtean, eta, dagoeneko, 62,5 milioi banako dira munduan.

Halaber, iaz, 30.000 ultraaberats gehiago sortu ziren AEBetan, 5.200 gehiago Txinan, 1.750 gehiago Kanadan, eta 1.350 gehiago Australian. Erresuma Batuan, 1.130 ultraaberats gutxiago zeuden.

Piramide horren oinarrian, 10.000 dolar baino gutxiago dauzkatenak azaltzen dira. Munduko populazioaren %53 dira errenta hori baino txikiagoa dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.