Reala 0-1 Bayern

Realak estutu egin du Bayern, baina ezin izan dio irabazi

60. minutura arte hobeak izan dira alemaniarrak, baina Amaiur Sarriegi zelairatu eta gero neurketa berdintzeko aukera bikainak izan ditu Realak. Shullerrek sartu du partidako gol bakarra. Munichen erabakiko da kanporaketa.

Nerea Eizagirre baloiarekin, gaur, Anoetan. Baloia bi aldiz jaurti du langara aurrelariak. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 20a
18:48
Entzun

Europako talde onenen artean lehiatzeko gai da Reala. Txuri-urdinek lehen aldiz jokatu dute gaur Txapeldunen Ligako neurketa bat, eta, garaipena lortu ezin izan duten arren, sufriarazi egin diote Bayern Munichen gisako aurkari handi bati. Schullerren gol batek erabaki du neurketa, baina bi taldeek izan dute gol gehiago sartzeko aukera mordoa. Munichen erabakiko da kanporaketa, datorren ostegunean. Gainditzen duenak multzokako faserako txartela eskuratuko du.

Egiari zor, norgehiagokaren lehen ordubetean gehiago izan da Bayern. Neurketari antzeko asmoekin ekin diote bi taldeek: defentsan goian presionatuz, eta erasoan baloia jokatuz atera nahian atzealdetik. Lehen minutuetan, ordea, defentsan sendo aritu dira bi taldeak, eta kosta egin zaie arriskua sortzea. Aukera apurrak geldikako jokaldietan sortu dituzte.

Partida, ordea, aldatu egin da 25. minututik aurrera. Aurrerapausoa eman dute bi taldeek, eta hutsuneak agertzen hasi dira. Stanwayk eman du Bayernen lehen abisua area ertzetik, eta Dallmannek lehen susto handia: baloi luze bat jaso du, bakarrik geratu da Leteren parean, baina zutoinera bidali du jaurtiketa.

Realak ere izan ditu aukerak. Argiena, Gabyk, 36. minutuan: ezker hegaletik jokaldi ona egin du Bernabek, erdiraketa ederra egin du, eta Venezuelako erdilariaren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Azkenean, Bayern izan da barkatu ez duena. Atsedenaldiaren aurretik, 43. minutuan, Buhlek pase zoragarri eman dio Shullerri, eta aurrelariak ederki amaitu du jokaldia. 0-1, eta atsedenaldia.

Bigarren zatiaren hasieran Realak zail izango zuela zirudien. Nahieran jokatu dute alemaniarrek, eta gutxigatik ez dute bigarrena sartu. Shullerrek izan du gola gertuen, baina Letek, atepean, ozta-ozta atera du baloia.

'Amaiur efektua'

60. minutuan egin ditu lehen aldaketak Natalia Arroyok: Le Guilly eta Amaiur Sarriegi zelairatu ditu Bernaberen eta Franssiren ordez. Neurketa aldatu du horrek. Aurrelari donostiarrak arriskutsu bilakatu du ukitu duen baloi bakoitza, erabat aldatu da partida. Azkar iritsi da lehen aukera, kontraeraso batean: area ertzetik jaurti du baloia Nerea Eizagirrek, Grohs atezainak ukitu du baloia, eta langak eragotzi du gola. Ez zen azken aldia izango: 70. minutuan berriz ere langara bidali du baloia Eizagirrek. Gora etorri dira Realeko jokalariak, baita Anoetan elkartu diren 11.479 zaleak ere.

Azken aukera, ziurrenik onena, Amaiurrek berak izan du: Gabyren erdiraketa batek bakarrik utzi du Grohsen aurrean, baina ez du errematatzen asmatu donostiarrak. Azkenean, 0-1, porrota, baina ezin esan daiteke Realaren estreinakoa txarra izan denik. Kanporaketa gainditzea zaila izango da, baina ez ezinezkoa.

Reala: Lete; Allegra, Tejada, Spetch, Bernabe (Le Guilly, 62'); Gaby, Iris Arnaiz, Gemma Gili (Torre, 89'), Nerea Eizagirre, Jensen eta Franssi (Amaiur, 62').

Bayern: Grohs; Tainara, Viggosdottir, Kumagai; Gwinn, Simon (Rall, 74'), Dallmann, Stanway; Lohmann, Shuller eta Buhl (Damnjanovitx, 82').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.