Suteak

Itzali dute Ezkaba mendiko sutea

Zallan (Bizkaia) atzo arratsaldean pizturiko sua kontrolatutzat eman dute goizaldean. Nafarroako Gobernuak herritarrei eskatu die «ez joateko» suak kiskalitako guneetara

Helikopteroak, atzo, Ezkabako sutea itzaltzeko lanetan. JESUS DIGES / FOKU
2022ko irailaren 21a
07:55
Entzun

Ezkaba mendiak su hartu zuen atzo arratsaldean, eta garrak azkar batean hasi ziren mendiaren ekialdeko pinudi batera zabaltzen, haizeak bultzatuta. Gauerdi aldera sutea kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, eta goizerako itzalitzat eman dute.

Gaur goizean ingurua zaintzen eta freskatzen jarraituko dutela adierazi dute. 40 bat suhiltzaile ari dira lan horietan, eta baita helikoptero bat ere.

Bitartean, atzo Iruñeko saihesbidean moztu zuten zatia berriz zabalduko dutela agindu dute, Atarrabia eta Antsoain artean, eta baita Ezkabako tunelak ere. Iruñeko Udaltzainek goizean baieztatu dute bide horiek zabalik daudela dagoeneko.

Ikusi gehiago:Idorteak azalera ekarri duena

Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari Amparo Lopezek herritarrei eskatu die ez joateko suak kiskalitako guneetara, arriskutsua dela eta. Sua nola piztu zen ikertzen ari direla gaineratu du. Atzo «une larriak» bizi izan zituztela azaldu du, sua eskualdeko garraio publikoko ibilgailuen gordetegira hurbildu zelako, eta pertsona zaurgarriak dauden Xabierko Frantziskoren egoitzara. Halere, azkenean ez zuten hustu behar izan azken hori.

Atzo, hasieran, Nafarroako suhiltzaileak ibili ziren itzaltzeko lanetan, baina, suaren hedapenaren abiadura ikusita, Nafarroako Gobernuak Madrili laguntza eskatu zion, Baso Suteek eragindako Larrialdien Babes Zibilerako Planaren bigarren maila aktibatuz. Hala, bi gobernuetako lau hegazkin eta sei helikoptero hasi ziren itzaltze lanetan. Zehazki, koordinazio hegazkinaz gain, Noaingo parkeko bat eta Agoncilloko bi mugitu zituzten; helikopteroak, berriz, Nafarroako Gobernuaren bi, eta Baso Suteen Errefortzurako Brigadetako lau. Hala ere, gaua iritsi zenean, lurreko baliabideekin geratu ziren soilik, 50 langile inguru, eta helikopteroak eta hegazkinak baseetara itzuli ziren.

Suak laborantza etxe bat kiskali zuen, eta Iruñeko iparraldeko saihesbidea, PA-30a, ere itxi behar izan zuten, Atarrabia eta Berriozar artean, bi noranzkoetan. Bestalde, N-121-A errepideko Ezkabako tunelak ere itxi zituzten. Mozketa horien ondorioz, buxadurak egon ziren Iruñeko errepideetan. Denbora gutxiz izan bazen ere, Antsoainen eta Txantrean argindar mozketak egon ziren, suak kable elektrikoei eragin baitzien. Telefono zerbitzuan ere egon ziren arazoak. Larrialdi zerbitzuek Iruñeko garraio publikoko garajeak autobusez hustu behar izan zituzten, eta bertako langile guztiak ere atera zituzten.

Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilak sutearen inguruko eraikinetako ateak eta leihoak ixteko gomendatu zien herritarrei, baita sutearen inguruetara ez gerturatzeko ere.

Zallan (Bizkaia) ere sute bat piztu zen atzo arratsaldean, eta BI-3651 errepidea itxi behar izan zuten. Inork ez du minik hartu, eta goizaldean kontrolatutzat eman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.