Albistea entzun

Lehortea Euskal Herrian

Idorteak azalera atera duena

Esako urtegia %15 dago betea. Bardeako lurren ureztatzea eten dezake Ebroko Ur Konfederazioak. Lehortearen Mahaia aktibatu du Nafarroako Gobernuak. Araban, nekazariek nozitu dute ur eskasia

Azken hilabeteetako lehorteak Esako urtegian utzitako arrastoa.
Azken hilabeteetako lehorteak Esako urtegian utzitako arrastoa. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz - Edurne Begiristain -

2022ko irailak 20

Inoiz baino argiago ikus daitezke Tiermasko terma erromatarrak (Aragoi, Espainia), Aragoi ibaiaren ertzean. Ohikoan, Esako urtegiko urek estaltzen dute herri hustu horren zati handi bat. Egunotan, ordea, nahieran dabiltza turistak, idorteak azaleratutako lur eremuan, oinez. Ur uherrak eta lokatza erretiratuta, belarra ikus daiteke orain, urtegiaren hondoko lurren hezean hazten. Izan ere, udan izandako beroa handiek eta prezipitaziorik ezak areagotu egin dute aurtengo lehortea, eta aspaldiko mailarik txikienean dira urtegi asko.

Ikusi gehiago: Antonio Aretxabala, geologoa eta ikerlaria: «Ur faltaren auzia klima aldaketaz harago doa: tragedia politikoa da»

Hori dela eta, ezinegona piztu da Nafarroan. Esako urtegia dago makurrenen: edukieraren %15 dauka urez betea, azken neurketen arabera. Ebroko Ur Konfederazioak «ezohikotzat» jo du Esako egoera, eta, «hornidura eta emari ekologikoa bermatuta» daudela ziurtatu arren, ohartarazi du Bardeako nekazaritza lurren ureztatzea eten dezakeela, «urtegiaren maila 50 hektometro kubikotik jaisten bada». Oraintxe, 67 hektometro kubiko daude han bilduta. «Irail bukaerarako edo urri hasierarako espero dugu ureztatze kanpainaren amaiera, baina, seguruenik, murrizketak ezarri beharko ditugu, euri faltagatik», azaldu du Ebroko Ur Konfederazioko arduradun Teresa Caverok.

Nafarroako gainerako urtegien maila ere apala da, aurreko urteetako datuekin alderatuta, baina Konfederazioak esan du «normal-normal» funtzionatzen ari direla. Hala, beteta dago Allozko urtegiaren %48, Itoizkoaren %39 eta Eugikoaren %60. Horrek ez du, hala ere, Nafarroako zenbait eskualdetan ezarritako alarma egoera eragotzi. Erroibarren, adibidez, uztailetik ezarriak dituzte ur murrizketak.

Ikusi gehiago: Egoera larriagorako prestatzen ari dira Iparraldean

Datuon argitara, Nafarroako Gobernuak Lehortearen Mahaia aktibatu du, «sektoreko eragileekin diagnostikoa adostu eta prezipitazio faltaren bilakaera eta ondorioak aztertzeko». Mahai horretan ordezkaritza dute, gobernuaz gain, INTIA sozietate publikoak, UAGN eta EHNE sindikatuek, UCAN kooperatiben elkarteak eta Alinar nekazaritza enpresen elkarteak. Hain zuzen, INTIAk mahai horretan aurkeztutako txostenaren arabera, labore ia guztien ekoizpena nabarmen murriztu da, lehortearen ondorioz: bazka-artoaren urteko ekoizpena, adibidez, %44 apalagoa izan da aurten; eta zerealena, berriz, %22 apalagoa. Belardi eta larreei dagokienez, ekoizpena %30 inguru jaitsi da azken hamar urteetako batezbestekoarekin alderatuta.

Araban ere, eskasia

Lehortea gordintasunez nozitzen ari dira Arabako lehen sektorean ere, eta «kezkatuta» daude herrialdeko nekazariak eta abeltzainak. Uda honetan ia ez du euririk egin, eta nekazariek sarritan ureztatu behar izan dituzte laborantzak. «Astero ureztatzen ari dira, tenperaturak oso beroak izan direlako eta landareak eguzki gehiegirekin erretzen direlako», adierazi dute UAGA Arabako Nekazarien Elkartekoek. Lehorteagatik eta lehengaien garestitzeagatik «ataka zailean» daude lurraldeko nekazari eta abeltzainak: «Larri-larri dabiltza».

Ur eskasiaren ondorioak sufritzen ari dira, besteak beste, zereal, ekilore, patata eta erremolatxa ekoizpenetan. Zerealaren ekoizpena %40 jaitsi da joan den urtearekin alderatuta, eta ekilorearena, ia erdira. Patataren uzta aurreratu egin dute, beroagatik, eta ekoizpen txikiagoa espero dute. Horiek ez dira lehorteak kalte egindako sektore bakarrak: eztiaren produkzioa erdira murriztuko da aurten Araban, lehorteak gogor jo baititu herrialdeko erlezainak.

Abeltzainak ere estu daudela diote UAGAn. Izan ere, pentsu gehiago erabili behar dute abereak elikatzeko, eta horrek albo kalteak eragin dizkie: «Behi haztegi askok esnea ekoizteari utzi diote gainkostuei ezin dietelako aurre egin».

Ikusi gehiago: Karrantzara, ura kamioietan

Arabako urtegietan, berriz, ez da hainbeste sumatu idortea. Udan behera egin duten arren, batez besteko mailari eusten diote Uribarriko, Urrunagako eta Albinako urtegiek. Oraintxe bertan, Uribarriko urtegiaren maila %66,8koa da; Urrunagakoa, %63,88, eta Albinakoa, %61ekoa. Garai honetan izan ohi duten mailan daude hiru urtegiak, batez beste; are, 2021ean apur bat apalagoak ziren Uribarriko eta Urrunagako ur mailak: %64 eta %61, hurrenez hurren.

Urtegien egoera ez da larria, baina lehortearen eragina nabaria da herrialdean. Bereziki aipagarria da ura herrialdeko urtegietatik jasotzen ez duten herrien egoera. Uda hasieran, Zuiako, Okondoko eta lautadako ia 9.000 bizilagunek eta hogei bat herrik mugatu behar izan zuten uraren erabilera, lehorteagatik. Herri horiek ez dira urtegiaren bidez hornitzen, ibaietatik eta erreketatik baizik, eta ondorioz, ur horniduran murrizketak egin behar izan dituzte azken hilabeteotan.

Hala egin dute, esaterako, Ozetako bizilagunek. Neurriei esker, egoera bere onera ekartzea lortu dute, eta jada ez dute murrizketarik jasaten. Hala ere, aurrerantzean ere ura «zentzuz» erabili beharko dutela azaldu dio BERRIAri Rodolfo Uriarte Ozetako Batzar Administratiboko presidenteak. «Estu-estu gabiltza, baina gure iturburuetako urarekin hornitzea lortzen ari gara». Arabako Aldundiak hainbat lan egin ditu udalerriko ur eskasia larriagotu ez dadin, baina arazoa behin betiko konpontzeko zain daude herritarrak oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Jon Urbe / FOKU

Agus Rodriguez: «Jantoki sozial bat izan daiteke zerbait duina»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Kalean daudenen kopurua asko handitu da Donostian. Agus Rodriguez Donostiako Kaleko Afari Solidarioak egitasmoaren sustatzailearen esanetan, udalak bere gain hartu behar luke pertsona horien gaineko ardura, baina gaur egun eskaintzen dituen baliabideak ez dira aski.

GuraSOS deitutako manifestazioa, gaur Donostian. ©Gorka Rubio, FOKU

Zubietako erraustegia ixteko eskatu dute ehunka lagunek Donostian

Uxue Rey Gorraiz

Aldeen arteko elkarrizketa bat izan dadila galdegin dute, auziari irtenbidea bilatzeko, eta grinez nabarmendu ez Gipuzkoako Aldundiak ez eta Jaurlaritzak ere ez dutela «hitza bete».

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...