Zamaketa

Bilboko portuak «bake sozial» erakustaldia egin du trafiko berria lortzeko asmoz

Zamaketariek eta enpresek lan itunarekin duten konpromisoa berretsi dute iraileko datu txarren ondoren. Rikardo Barkalak ez du portuko agintaritza uzteko asmorik.

Bilboko portuko agintaritzako, Bilboestibako eta zamaketa sindikatu batzuetako ordezkariak mahai beraren bueltan eserita. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 22a
13:51
Entzun

Bilboko portuak harrotasunez erakutsi du zamaketarien lan hitzarmen berriak ekarri duen «egonkortasuna» eta hari esker lorturiko argazkia. Rikardo Barkala Bilboko Portu Agintarizako presidenteak nabarmendu du enpresa eta sindikatuak elkarrekin ikustea «mugarri» bat dela. Haren ustez, iragan maiatzean sinaturiko akordioa «beharrezkoa» zen, hori izango baita etorkizunean itsasontzi gehiago erakartzeko oinarria: «Zerbitzu hobe eta arinagoa emateak lehiakorrago bihurtuko gaitu». Bide batez, Barkalak baieztatu du 67 urte izan arren ez duela portuko agintaritzako presidente kargua uzteko asmorik. Iragan ekainean Athleticeko presidente izateko aurkeztu zen, eta ez zen aukeratua izan.

Bilboko portuko agintaritzak bake sozial estreinatu berria irudikatzeko ekitaldi bat antolatu du. Eragile ugari eta hedabideak gonbidatu ditu gosari batera, eta mahai nagusian enpresa eta sindikatuetako ordezkariak elkarrekin eseri dira. Uda onaren ondoren irailean asko jaitsi da zama lehor eta itsasontzi mugimendua, eta horri aurre egiteko egonkortasun irudia zabaldu nahi izan du.

Portuko agintaritzak zein zamaketa enpresek hainbatetan esan izan dute portuko gatazkek bezeroak uxatzen dituztela, eta hori iragan dela azaldu du Jose Manuel Guardo Bilboestiba zamaketarien lan jarduna kudeatzen duen enpresako zuzendariak: «Sei urterako lan itun bat da, zamaketarien ordezkarien %75 sinatu duena. Normaltasuna bermatuta dago luzaroan». Coordinadora, UGT eta Kaia sindikatuek sinatu zuten akordioa; LABek eta ELAk, aldiz, ez.

Guardok sindikatuen ahalegina goratu du. Bilboestibak sei milioi euroko zorra pilatu zuen, eta zamaketariek zor horren 850.000 euro haien soldatetatik ordainduko dute. Hurrengo hiru urteetako bakoitzean 3.000 eurori muzin egingo diete eta tarte horretan soldatak izoztuak izango dituzte. Era berean 22 txanda gehiago egitea onartu dute enpresak hala eskatuko balie. Hala ere, Iñaki Urueña Coordinadorako kideak «balorazio positiboa» egin du, zamaketariek «ardura» erakutsi duelako.

Israel Ruiz UGTko kideak onartu du itsasontzi trafiko handiagoa erakartzeko antolaturiko ekitaldi bat izan dela, eta haren hitzak berretsi ditu Elvira Gallego Bilboestibako administrazio kontseiluko presidenteak: «Akordio honek malgutasun handiagoa izateko aukera emango digu, eta hori funtsezkoa da portuen egunerokoan», nabarmendu du. Izan ere, zehaztu du «ziurgabetasun» giroak kalte egin diola portuari. Izan ere, egia da hidrokarburoen mugimendua asko igo dela azken urtean, baina zama horrek ez du zamaketarien esku hartzerik behar.

Baina hain larria da egoera? Agintariek zein enpresek onartu dute bere garaian galdutako enpresa batzuk berreskuratzea kosta egiten ari zaiela. «Asko oroitzen naiz metal bobina handiak ekartzen dituen batekin...» onartu du Barkalak. Ez du izena esan nahi baina Tata Steel-eri buruz ari zen, egun Pasaian (Gipuzkoa) deskargatzen duena. Agintariek 2020ko grebaren ondorenak aipatzen dituzte, nazioarteko krisia, kontsumoa jaistea, pleiten garestitzea... «Lehen ontzi askok eten bat egiten zuten Bilbon gero Algecirasera (Espainia) edo Mediterraneora joan aurretik. Orain lurra ukitzea garestiagoa denez, uko egiten diote», zehaztu du Gallegok. Alde horretatik, dena den, azaldu du pleiten prezioa asko jaisten ari dela.

Eta behin-behinekoekin, zer?

Zamaketarien lan hitzarmenak kontratu mugagabedun langileen jarduna finkatu du, baina airean utzi du behin-behinekoen etorkizuna. Gaur-gaurkoz oso gutxitan deitzen dituzte lanerako, eta finkoek nahita egin ditzaketen txanda bikoitzek asko murriztu dizkiete lanorduak. Barkalak esan du oso kontuan dituela, eta badakiela zein den egoera, eta haiei laguntzeko modurik onena portura itsasontzi gehiago erakartzea dela: «Finkoentzako nahikoa lan ez badago nola egongo da ba behin-behinekoentzat?», galdetu du.

Ruiz UGTkoa ere haiekin oroitu da. Finkoak 350 inguru dira, eta behin-behinekoak 100. Nabarmendu du hurrengo sei urteetan 50 zamaketari finkok erretiroa hartuko dutela, besteak beste berak, eta Bilboestibarekin adostu dutela hutsune horiek behin-behinekoekin beteko dituztela. Halaber, alde guztiek enplegu mahai bat osatzeko konpromisoa hartu dute. Mahai horretan behin-behinekoek zamaketarekin zuzeneko harremanik ez duten lanak egin ahal izatea eskatuko dute. Egun, behin-behineko hainbat zamaketarik haien baldintzak salatu dituzte epaitegietan, eta ebazpen baten baino gehiagoan epaileek ebatzi dute zamaketa enpresek iruzurra egin dutela gehiegizko behin-behineko kontratazioarekin.

Barkalak jarraituko du

Rikardo Barkalak aurreratu du ez duela portuko agintaritza uzteko asmorik. 67 urte ditu, baina epe motzean ez du erretiroa hartuko. «Indartsu nago. Jarraitzeko sasoirik ez dudala ikusiko banu, neronek utziko nuke kargua», nabarmendu du. Barkalaren kargua Espainiako garraio ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta berak behintzat ez du hura uzteko asmorik. Barkalak 2018an hartu zuen agintaritzako presidente kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.