Atletico Madril 1-0 Alaves

Alavesek galdu egin du, amaieran sartu dioten gol batengatik

Defentsan sendo aritu dira arabarrak, baina Ludmila da Silvak erabaki du partida, jokaldi eztabaidagarri batean

Alaveseko Miriam, eta Atletico Madrileko Da Silva jokalariak borrokan, gaurko partidan. VICTOR LERENA / EFE
2022ko irailaren 25a
17:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Ondo defendatzen aritu da Alaves gaur Atletico Madrilen zelaian, baina ezin izan du etxera eraman hain beharrezkoa duen puntua, amaiera aldera sartu dioten gol batengatik.

Oscar Fernandezek trebatzen duen taldea nagusi izan da hasieratik. Horren ondorioz, Jana Xin Alaveseko atezaina izan da lehen zatiko jokalaririk nabarmenena. Izan ere, hari esker ez dira gol bihurtu ez Leicy Santosek eginiko bi jaurtiketa arriskutsu, ez Estefania Baninik area txikitik jaurtitako baloikada gogorra.

Alaves, nagusiki, bere zelaian egin du lehen zatia. Halere, golik gabe amaitu da.

Bide beretik joan da bigarren zatia, betiere Xin atezaina protagonista, eta, 90. minutua heldu denean, bazirudien partida berdinduta amaituko zela. Baina, orduan, Da Silvaren gola heldu da, jokaldi eztabaidagarri batean. Izan ere, gasteiztarren arabera, zelaitik kanpora ateratako baloi bat erreskatatu zuten madrildarrek, eta epaileek ez zuten ikusi marra gainditu zuela.

Alavesek ez du oraindik punturik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.