Sindikatuak

Sindikatuek ordezkarien erdiak izango dituzte jokoan hurrengo hilabeteetan

ELAk %36ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian, eta kopuru hori hobetzeko asmoz aurkeztuko da hauteskunde sindikaletara. Ordezkarien %47 berrituko dira urritik ekainera arteko tartean.

ELAk hauteskunde sindikaletarako prestatu duen kanpainaren aurzkezpena. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 27a
14:43
Entzun

Mugimendu eta ardura handiko hilabeteak datozkie Hego Euskal Herrian ordezkaritza duten sindikatuei. ELAk publiko eginiko datuen arabera, aurtengo urritik 2023ko ekainera arteko epean Hego Euskal Herriko lantokietako delegatuen %47 berrituko dira. Egun, ELAk du gehiengoa (%36), eta kopuru hori handitzeko asmoz aurkeztuko da, Gehien behar duzunean... lelopean.

Urrian hasiko da hauteskunde sindikalen epe trinkoa delakoa. Lantoki gehienen bozketak pilatzen diren hilabeteak dira. «Hauteskunde sindikaletara deitu zen lehen aldian, tarte horretan egin ziren bozketetako asko, eta lau urtean behin errepikatzen den hauteskunde pilaketa bat da», azaldu du Joseba Villareal ELAren hauteskunde arduradunak. Eta ordezkarien beste %53a? Hauteskunde sindikalak bederatzi hilabeteko tarte horretatik kanpo egiten dituzten lantokiak dira.

Epe trinkoan lantoki handi gehienetako hauteskundeak egiten dira, publikoak zein pribatuak. Eremu publikoan, esaterako, Eusko Jaurlaritzako barne langileenak egiten dira, udaletakoak... Osakidetza eta Ertzaintza dira salbuespena, tarte horretatik kanpo egiten baitira. Eta pribatuan? «Imajinatu daitezkeen metalgintzako enpresa handi guztiak daude. Esaterako, urrian Bellotan edo Cie Automotiven egingo dira. Gasteizko Mercedesekoak ere aurki dira, eta Nafarroako VWekoak, maiatzean», aletu du Villarealek. Azken bi horiek langile gehien dituzten Euskal Herriko lantegiak dira.

Hego Euskal Herriko lantokietan 24.335 ordezkari daude egun, eta 11.591 jarriko dira jokoan ekainera arte. Egun —ekainekoa da azken neurketa— ELA da ordezkari gehien duen Hego Euskal Herriko sindikatua (%35,95), CCOO da bigarrena (%20,06), LAB hirugarrena, (%19,08) eta UGT laugarrena (%14,31). Sindikatu txikiagoek edo enpresa edo sektore jakin batzuetakoek %10,57ko ordezkaritza dute. ELAk da ordezkari gehien duen sindikatua, eta baita epe trinko honetan, batezbestekoetan, gehien jokoan jartzen dituena ere. Berriz hautatu behar diren ordezkarien %37 haienak dira, %21,6 LABenak, %17,8 CCOOrenak, eta %13 UGTrenak.

ELA kopuru hori handitzeko asmoz aurkeztuko da hauteskundeetara. «Gehien behar dutenentzat benetako tresna bat izan nahi dugu», nabarmendu du Mitxel Lakuntzak idazkari nagusiak. Alde horretatik, nabarmendu du akordio guztiak ez direla berdinak, eta «akordio onak» ELAren bitartez lortzen direla: «Esperientziak erakutsi digu borroka eta grebarik gabe ezin dela akordio onik lortu. ELAk bakarrik du patronalaren xantaiari aurre egiteko gaitasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.