Langileentzako neurriak eskatu dituzte Baionan

Frantziako Gobernuak aurtengo ikasturterako aurreikusi dituen erreformak salatu dituzte.

Sindikatuen manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 29a
12:37
Entzun

Ehunka pertsona elkartu dira Baionan Ipar Euskal Herriko sindikatuek antolatu duten protesta egunean parte hartzeko. CGT, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuen deiari erantzunez, manifestazioa egin dute bizi baldintza «duinak» aldarrikatzeko. Hiru eskaera plazaratu dituzte bereziki: gutxieneko lansari gordina orduko hamabost eurora emendatzea, 32 orduko lan astea ezartzea, eta erretretarako adina 60 urtetara itzultzea. Izan ere, Frantziako Gobernuak aurtengo ikasturterako aurreikusi du erretreten eta langabeziaren erreformak egitea, eta sindikatuetako kideek kezka agertu dute horrek langileengan izanen dituzten ondorioez. Eguneroko bizitzaren garestitzeari buruz neurriak hartzeko ere eskatu dute.

«Prezio guziak igo dira, baina gure lansariak ez», salatu du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak. «Ezin gara duinki bizi. Lehenbailehen hartu behar den erabakia da lansarien emendatzea». Lan denboraren eta aberastasunen banaketan ere aitzina egiteko beharra azpimarratu du. Bide horretan, Dufauk erran du Bertan Erabaki kanpainarekin segitzeko borondatea dutela, Ipar Euskal Herriko negoziazio eremuak sortzeko: «Hori da gakoa. Ez Parisera begiratzea; hemendik erabakitzea». Patricia Glory Ipar Euskal Herriko CGTko idazkari nagusiaren hitzetan, «dirua bada, baina ez dugu dagoen lekuetatik hartzen». Enpresa handien dibidenduak berriz banatu behar direla erran du, Frantziako Estatuaren diru kutxak betetzeko. «Jendeari duinki lan egitea ahalbidetu behar zaio. Horren ordez, neurri atzerakoiak iragartzen dizkigute, biziki bortitzak, langile guzientzat, baina bereziki gutxieneko lansariaren inguruan dabiltzanentzat».

Frantziako Gobernua prestatzen ari den erreformen harira, mobilizatzeko beharra azaleratu dute bi sindikatuetako ordezkariek. «Frantziako Gobernuak egin nahi duen langabeziaren erreformaren ondorioz, langabeziarik gabe geldituko da jende anitz, datuetatik desagertuko dira. Eta, horrela, gobernuak erraten ahalko du langabezia apaltzen ari dela», deitoratu du Gloryk. Erretreten erreforma ere «indarrez» pasatzeko borondatea ikusten dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. Argitu du ikasturte hasiera hau langileak «informatzeko eta mobilizatzeko» erabili nahi dutela; «maleruski ez da botoi bat zapaltzearekin gertatzen».

Dufauren hitzetan, «bada haserrea, bada sekulako haserre soziala», eta Frantziako Gobernuak aurreikusi duenarekin «normala» iruditzen zaio. «Jendea prekaritatean edo pobrezian eroriko da, eta hitz hori erabili behar da: pobrezia. Nola erabili haserre hori zerbait borrokatzeko? Aitortu behar da gaur egun greba egitea ez dela beti erraza: lansariak biziki apalak dira, eta denek ez dute lanuzte bat egiteko aukerarik. Tresna berriak asmatu behar ditugu haserre hori gauzak aldatzeko indar bilakatzeko. Hori karrikatik pasako da; ez da haserre hori plazaratzeko beste lekurik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.