Bayern Munich 3 - 1 Reala

Reala Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu da

Realak ezin izan du kanporaketa irauli. Bayern aise gailendu zaio markagailuan talde txuri-urdinari: 3-1 amaitu da neurketa. Kanporaketan, Reala 4-1 gelditu da atzetik.

Realaren eta Bayernen arteko neurketako irudia, joaneko partidan. GORKA RUBIO, FOKU
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 29a
19:21
Entzun

Amaitu da Realaren estreinako aldia Txapeldunen Ligan. Bukatu da ametsa. Txuri-urdinen gogoari eta ilusioari Bayernen nagusitasuna gailendu zaio Munichen. Realeko jokalariek eta Natalia Arroyo teknikariak esan zuten alemaniarrak estutzen ekingo ziotela. Hala izan da, baina txuri-urdinek hamabost minutuz baino ezin izan diote eutsi alemaniarren joko erauntsiari. Kontraerasoan, nahi eta ezin aritu da Reala lehen zati osoan. Bigarrenean, etxekoek urrats bat egin dute atzera, eta Realak lehen zatian eduki ez duen hori izan du: baloi jabetza. Hala eta guztiz ere, ezin izan du lehendik ere ia ezinezkoa zuen kanporaketa irauli. 3-1 amaitu da itzulerako neurketa. Orain, ligan jarri beharko dute arreta txuri-urdinek, bigarrenez Txapeldunen Liga jokatzeko ametsa egia bihurtzeko. Kluba izaten ari den hazkundearen isla izan da estreinakoz Europan aritzea, eta bide horretan segitu nahi dute txuri-urdinek.

Asteburuan, ligako partidan, aulkian izan ziren jokalariak Natalia Arroyok jarritako hamaikakoan izan dira gaur: Specht, Gemma, Iris Arnaiz, Nerea Eizagirre eta Jensen. Bayernek taldeko jokalari garrantzitsuenetakoa falta izan du: Magull, COVID-19ak jota. Baina Oliver Straus teknikariak berdegunean jarritako marrazkia izan da. Bosteko atzealdearekin jokatu beharrean, laurekin jokatu du taldeak.

Espero bezala, Bayern estutzen hasi da. Alemaniarrak joanekoan lortutako 0-1eko errenta handitu nahi izan du, patxada handiagoz jokatu ahal izateko. Hori lortzeko asmoz, goian presio estua egin dio Realari, baloia lasaitasunez atera ez zezan. Jabetza lortu, eta, Anoetan egin zuen moduan, pase sakon eta luzeen bidez min egin dio Realari.

Etxeko taldea oso nagusi izan da lehen ordu laurden horretan, eta bizpahiru aukera garbi izan ditu aurretik jartzeko. Lehena Zadrazilek izan du, urrutiko jaurtiketa batean. Ondoren, epaileak balio gabe utzi du Shulleren gol bat, jokoz kanpo estu batengatik. Bestalde, langara ere bidali du erremate bat Dallmannek. Anoetako partidarekin zerikusi handia izan du gaurkoak.

Realari baloia falta izan zaio, bere jokoa egiteko. Zelai erdia galdua izan du. Baina, gutxienez, ondo eutsi dio alemaniarren lehen oldarraldiari. 17. minutuan, ordea, alemaniarrek lehen gola egin dute. Teajdak ez du nahi bezala urrundu baloia. Baloia Dallmanni iritsi zaio. Buhlekin jokaldia lotu, eta lehenak ez du barkatu.

Reala nahi eta ezin aritu da. Maldan gora zuen kanporaketa, eta are gehiago zaildu zaio alemaniarrek bigarrena egin dutenean. Dallmannek erdiraketa egin du, baloiak Spechtengan jo du, eta Elene Lete ezustean harrapatu du. Alemaniarren bi jokalari jokalari jokoz kanpo zeuden, baina ez marrazainak, ezta epaileak ere ez dute ezer adierazi. 3-0ekoarekin, Bayern Munichek nahi zuen lekuan zuen partida.

Realak ezin zuen amore eman. Etxekoek berean jarraitu dute, nahiz eta zertxobait gutxiago estutu. Realak, ordea, apenas sortu duen arriskurik.

Atsedenaldia iristear zela ailegatu da Bayernen hirugarrena. Schullerrek egin du. Erdiraketa on bat jaso, eta bigarren zutoinean baloia bultzatu besterik ez du egin behar izan.

Baloia zelai erditik atera, eta Realak, gutxienez, gola sartu du. Taldean ondo lotutako jokaldi batean Jensen izan da taldearen historian lehen golegilea Txapeldunen Ligan.

Bigarren zatiko lehen aukera Bayernentzat izan da, baina bigarren zatiko lehen minutuetan hobeto aritu da Reala: baloi jabetzat izanda, konfiantza eta apur bat ausardia gehiagorekin. Arriskatu beharra zuen Sanni Franssik gutxigatik ez zuen errematatu buruz Allegraren erremate bat. Itxaropen printza bat zabaldu zitekeen bigarrena eginda, baina ez da posible izan.

Alemaniarrek, hala ere, arrisku sortua dute baloia lapurtu eta erasora bizkor ateratzen zirenean. Baina atzealdeak, eta batez ere Elene Letek, ondo erantzun du. Atezainak partida txukuna eta serioa jokatu du berriz ere.

Realari sakontasun apur bat falta izan zaio berriz erasoan arrisku apur bat gehiago sortzeko. Hori lortzeko asmoz, Gaby kendu eta Amaiur Sarriegi zelairatu du Arroyok. Joanekoan pizgarri izan zen irten zenean. Gutxira irten da Cecilia Marcos ere. Baina oraingo honetan ez du horretarako balio izan. Nahiz eta aukera bakanen bat izan duten.

Minutuak aurrera joan ahala, eta kanporaketa erabakita egonda, partidak intentsitatea galdu du, eta azken 20 minutuetan apenas sortu duten arriskurik bi taldeek. Hala amaitu da neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.