Albistea entzun

Ana Urkijo

«Emakumeek kirolean aurrera egiteko, lanean segitu behar dugu»

Fernando Lamikiz Athleticeko presidenteak dimisioa aurkeztu zuen 2006an, eta Ana Urkijo bihurtu zen presidente. Hura da futbol klubak izan duen emakumezko presidente bakarra.

Monika del Valle / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo - Bizkaiko Hitza -

2022ko urriak 3

Txikitatik miretsi du futbola Ana Urkijok (Bilbo, 1953). Abokatua da lanbidez, eta hura izan zen Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Batzordearen parte izan zen lehen emakumea. 1987an izan zen hori. Athleticekin oso harreman estua du. Futbol klubaren abonatua izan zen aspaldi, eta bazkidea da orain. Horrez gain, Zuzendaritza Batzaren parte izan da. Athleticek historian izan duen emakume presidente bakarra da Urkijo. Herenegun emakumeaz eta kirolaz egin zuen berba Iraia Iturregi jokalari ohi eta entrenatzailearekin, Bilbon, Sabino Arana fundazioak antolatutako mahai inguru batean.

Nondik dator futbolarekin duzun harremana?

Gure aita Athleticen orbitan egon zen beti. Abokatu gisa, klubaren kontuak eraman zituen, eta presidenteorde ere izan zen. Txiki-txikitatik eraman ninduen futbol partidetara. Eta ez bakarrik Athleticen partidetara. Gogoan ditut orduko igande euritsu haiek, aterki handi batekin aitaren eskutik Bizkaiko edozein zelai galdutan partidak ikusten. San Mamesera ama eta aitarekin joaten nintzen, biekin. Txikitatik daukat futbolaren munduan egon izanaren oroitzapena. Etxean, gainera, asko maite dugu Athletic.

Noiztik daukazu San Mamesera joateko txartela?

53 urte daramatzat txartelarekin. Partida guztietara joaten naiz.

Emakumeek 1977an lortu zuten Athleticeko bazkide izaera. Nolakoa izan zen aldaketa?

Urte hori baino lehen, emakumeak abonatu gisa joaten ginen. Horrela egin nuen 1969tik 1977ra. Gizonek ordaintzen zuten kuota bera ordaintzen genuen, baina ez genituen eskubide berak. Miren Salsamendi izeneko emakume batek eskubideak parekatzeko kanpaina hasi zuen. Ez gara ari antzinako garai bati buruz berbetan. Hark lortu zuen andreok bazkide izateko eskubidea izatea. Ni oso gaztea nintzen, eta aldaketa hori bizi izan nuen. Are gehiago, jarrera aktiboa izan nuen aldaketa gerta zedin. Emakumeok Salsamendiren alde agertu ginen. Presidente izan nintzenean, atsegin handiz hartu nuen palkoan. Hark sartu gintuen modernitatean, baita futbol munduan ere.

Bazkide zinenean, inoiz burutik pasatu zitzaizun Athleticeko presidente izan zintezkeela?

Ez, inoiz ere ez. Eta Athleticen Batzarrean sartzeko aukera izango nuenik ere ez. Ez nuen inoiz pentsamendu hori izan.

Nola heldu zinen Zuzendaritza Batzara?

Fakultateko lagun batek deitu zidan; Jose Julian Lertxundi hautagaiaren zerrendan zihoan hura, 1990ean. Lagunak haiekin zerrendan joateko eskaintza egin zidan, zuzendaritza taldean sartzeko. Egia esan, ez nuen espero hori esango zidanik. Jakingo zuten beti ibili naizela futbolaren eta Athleticen munduan. Horregatik eskainiko zidaten. Gainera, Lertxundik gure aita ezagutu zuen. Batera ibili ziren zuzendaritza taldean, 1975ean Jesus Maria Duñabeitiak presidente izateko hauteskundeak irabazi zituenean. Ilusio handia egin zidan, eta, pentsatu gabe, baietz esan nuen. Etxekoek eskaintza espero zutela aitortu zidaten, baina nik ez; inondik inora. Horrela, Zuzendaritza Batzan sartu zen lehenengo emakumea izan nintzen, 1990etik 1994ra.

Lehenen emakumea Athleticen Batzan, eta lehenen andrea presidente.

Hori geroago izan zen. 2004an, beste eskaintza bat jaso nuen: Fernando Lamikizen taldean sartzeko. Hasieran ez sartzea pentsatu nuen. Hala ere, eskaintza onartu, eta horrela bihurtu nintzen presidenteorde: lehenengo emakume presidenteordea Athleticen. Lamikizek dimisioa aurkeztu zuenean, 2006an, nik hartu nuen presidente postua, 2007ra arte. Orduan ere, lehenengo emakume presidentea.

Zer esan nahi izan zuen lorpen horrek zuretzat?

Lamikizek dimisioa aurkeztu zuenean, ni nintzen presidente izan zitekeen bakarra, Athleticen estatutuek presidenteordeari bakarrik ematen baitzioten presidentearen kargua betetzeko ahalmena. Erantzukizunak esaten zidan egin behar nuela, eta ez nuen zalantzarik izan. Ardura zen, baina ilusioz hartu nuen. Nola ez zidan ilusiorik egingo? Nahiz eta garaia ez izan nik nahiko nukeen bezain ona, banekien egin behar nuela. Erronka bat izan zen niretzat. Ez zen esperientzia erraza izan, baina izugarri interesgarria eta positiboa izan zen.

Emakume izate hutsagatik gehiago demostratu behar al da presidentetzan?

Erresistentzia gehiago aurkitu nuen 1990ean batzara sartu nintzenean. Datu objektiboek zioten ez zela inoiz emakumerik izan, eta, beraz, neure lekua egin behar izan nuen. Gauzak inoiz existitu ez direnean, ez dira ezagutzen. Gizonen eta ingurukoen erreakzioak jasan behar izan nituen, baina ni eskubide guztiak izateko borrokatu nintzen, eta lortu egin nuen. Horretarako, basamortuan zeharbideren bat egin behar izan nuen, baina argi neukan deserosotasuna eragiten zuen pertsona zela deseroso sentitu behar zena, eta ez ni. Lehen etapa horrek bidea erraztu zidan 2006an presidente izan nintzenerako. Eta bai, uste dut emakumeak gehiago frogatu behar duela berdin epai gaitzaten. Ez zait batere bidezkoa iruditzen, baina errealitate bat da. Gauetik goizera ezin da dena aldatu. Pixkanaka pausoak eman eta bidea egin. 1990. urtetik gauzak asko aldatu dira.

Athletic 1898an sortu zutenetik, ez dute inoiz emakume bat presidente kargurako izendatu. Zergatik?

Ohitura dela esango nuke. Ez da inoiz emakumerik egon zuzendaritza karguetan, ez futbolean, ezta oro har enpresen edo politikaren munduan ere. Gizonak izan dira botere karguak okupatu dituztenak. Lehen, emakumeak rol jakin bat zeukan, eta gizonak beste bat. Gauzak aldatuz joan dira, eta emakumeok mundu profesionalean presente egotearen aldeko apustua egin dugu. Pixkanaka aurrera goaz, eta Athleticen ere bai. Ez bada emakumerik egon, oraindik emakume batek aurrerapauso bat eman ez duelako izango da. Oraindik ez da izan, baina gertatuko da.

Aurten onartutako Athleticen estatutu berrien sorreran hartu duzu parte. Aztertu duzue emakumeen tokia Athleticen?

Bai, eztabaidatu genuen. Ni kuoten aldekoa naiz. Esaterako, momenturen batean emakume bazkideak gailentzea baloratu zen. Hori baldin bada modu bakarra emakumeak ikusgarri egiteko, zergatik ez dugu egingo? Presidente nintzenean, kazetari batek galdetu zidan ea kuotek ez ote zuten eragingo kualifikaziorik gabeko emakumeak postu horietara iristea. Baliteke, baina gizonak ere ailegatzen dira. Egokiena da erantzukizun postu bat betetzen duten gizonak eta emakumeak baliozkoak izatea, baina ez denez bermatzen gizon guztiak baliodunak direnik, zergatik izan behar du emakumeak 10ekoa zerbaitetara iritsi ahal izateko? Nik kuotetan sinesten dut, benetako berdintasuna izateko.

Ba al dago kuotarik ezarrita estatutu berrietan?

Bazkideen kuota eztabaidatu genuen, baina ez Zuzendaritza Batzarena. Athletic erakunde pribatua da, eta ezin dira zuzendaritza taldeak tasatu. Ezin duzu ezarri zenbat emakumek eta zenbat gizonek osatu behar duten zerrenda. Kuotek gai publikoetan bakarrik funtzionatzen dute. Enpresa pribatuek ez dute horrelako mugarik estatutuetan.

Zein da egungo emakume bazkideen ehunekoa?

%15-20 inguru.

Aurten estreinatu du Athleticek 4.074 lagunentzako herri harmaila. Emakumeen presentziarik ba al dago?

Jakina baietz. Oro har, Athleticen oinarri soziala gaztetu egin da, eta emakume asko daude zelaian. Nire garaian ere baziren, baina ez orain bezainbeste. Berdina gertatzen da abokatuekin. Gaur egungo egoerarekin konparatuta, lehen ez zeuden bulego propioarekin lan egiten zuten hainbeste emakume abokatu.

Emakumeak zein egoeratan daude kirolean gaur egun?

Emakumeen kirolak asko egin du aurrera. Esaterako, tenisean. Gaur egun, emakume tenislariek babesleak lortzen dituzte —azken finean, erabat merkantilizatutako mundu batean mugitzen gara, dena dirua den mundu batean—. Emakumezkoen kirolak bilakaera handia izan du. Eboluzionatzeko asko dugu, baina norabide onean goaz.

Eta futbolean?

Futbolean, emakumeek baldintza hobeak dituzte gaur egun, badute soldata eta badute fitxa. Asko hobetu dugu. Emakumeek, futbolaren kasuan edo edozein kiroletan, aurrera egin dezaten, gogor eta aktiboki lan egiten segitu behar dugu.

Athleticeko mutilek azkeneko aldiz Espainiako Liga irabazi zutenean, 1984an, gabarra atera zuten ospatzeko. Neskek, ordea, ez dute inoiz atera. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Ni presidente izan nintzenean, neskek Liga irabazi zuten, eta gabarra ateratzea planteatu zen. Garai horretan, emakumezkoen futbolak ez zeukan indar handirik. Ez zuen gizonezkoen futbolak zuen ikusleen ehunekoa. Nik uste dut errealitate batzuk onartu behar direla. Mutilek azkenekoz 1984an irabazi zuten Liga. Guztiontzat oso pozgarria izan zen, eta Bizkai osoa atera zen itsasadarrera, garaipen hori ospatzera. Neskekin gabarra aterako bagenuen, itsasadar inguruak hainbeste ez betetzeak kezkatzen ninduen. Autobus bat jarri genuen, eta Bilbon ibili ginen. Udaletxera joan ginen, eta neskek Ligako kopa erakutsi zuten udaletxeko balkoian. Jende asko bildu zen, baina ez gizonezkoen ospakizunean egon zen bezainbeste. Emakumeek zuten zale kopuruarekin bat zetorren omenaldia egin genuen. Nire ustez, jakin behar dugu zein den gure errealitatea, eta gauzak horren arabera egin. Eztabaida artifiziala izan zen. Ez dut esan nahi ni ez naizela nesken gabarraren aldekoa. Noski, banaiz. Eta espero dut noizbait gabarra neskentzat ateratzea, eta emakumezkoen futbola behar bezala aitortuta egotea.

Zer-nolako etorkizuna izango dute emakumeek kirolean?

Emakumeen etorkizuna kirolaren esparruan primeran ikusten dut. Gizartearen kontu bat da. Gurasoek era berean hezi behar dituzte alabak eta semeak kirolaren munduan. Zorionez, hori gero eta gehiago gertatzen da, eta argi eta garbi ikusten da. Berdin hezten dituztenean nabarmenduko da emakumea kirolean, ez baita gaitasun kontua, hezkuntza kontua baizik. Kiroletan heztea gurasoek eta gizarteak duten betebeharra da, emakumeok gaitasun berberak baititugu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Senegaleko jokalariak, sailkapena eman zien goletako bat ospatzen. ©RODRIGO JIMENEZ /EFE

Senegal eta AEBak, pozik

Ainara Arratibel Gascon

Ekuador eta Iran menderatu ostean, final-zortzirenetan dira, bigarren sailkatuta. Lehen final-zortzirenak zehaztu dira: Herbehereak-AEB eta Ingalaterra-Senegal
Mexikoko selekzioko jokalariak,igandean, Argentinaren aurkako partidan, gol bat sartu zietenean. ©JOSE MENDEZ / EFE

Amildegiaren ertzera itsatsita

Beñat Mujika Telleria

Munduko Koparako sailkatzeko fasean, kritika ugari egin zizkioten Mexikori, eta Qatarren ez da ondo sentitu. Oraingoz ez du golik sartu, eta kanporatua izateko arrisku handia du.
Tarmim Bin Hamad al-Thani Qatarko emirrak eta Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak urrian egindako bilera. ©EFE

Malabarismo geopolitikoak

Kristina Berasain Tristan

Washingtonekin aliantza bat izateak Qatarri ez dio eragotzi haren etsai historikoekin ere harremanak izatea. Qatarrek bere ahalmen ekonomiko handian oinarritzen du eragin geopolitikoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.