Enpresak

Eroskik 46,8 milioi euroren irabaziak izan ditu lehen seihilekoan

Inflazio handiaren agertokian, «familiei laguntzeko ahalegina» egin duela esan du kooperatibak. Salmentak 2.633 milioi eurora iritsi dira

Elorrioko kooperatiba baten hipermerkatu bat. EROSKI
xabier martin
2022ko irailaren 30a
14:33
Entzun

Eroskik emaitza positiboekin jarraitzen du. Ez pandemiaren aroak izan duen abiadura handian, mozkinak %11 apaldu baitzaizkio urteko lehen erdian, baina pandemia aurreko azken urtean, 2019an, urte osoan irabazitakoa (45 milioi euro) baino gehiago irabazi du aurtengo lehen erdian: 46,8 milioi. Datu horrek Elorrioko banaketa talde handiak hartu duen norabide egokia argi eta garbi islatzen du, orain ez hainbeste zorrak ekarri zuen mamua aldenduz.

Elorrioko banaketa kooperatibak azaldu du «marjinak murrizteko ahalegina» egin duela, «kostuak handitu egin direnez eta inflazioak prezioetan dituen ondorioei eusteko», eta horrek etekina mugatu duela hein batean. Enpresak esan du «neurri handian finantza kostuak murriztu izanak» bultzatu duela irabazia, «zorraren kopurua txikiagoa izan delako eta ezohiko eraginak apalagoak».

Gauzak horrela, 2.633 milioi euroko negozioa erdietsi du taldeak ekitaldiko lehen erdian. %10etik gorako inflazioaren agertokian, salmentak lau puntu handitu direla azaldu du Eroskik. Emaitza horren atzean, batetik, taldeak egindako sustapen ahalegina dagoela uste du; hau da, egungo inflazio egoera dela eta, «kontsumitzaileei aurreztea errazteko ahalegina» egin duela. Bestetik, «familien kontsumo joeraren ondorioa» legoke salmenten hazkunde apalagoan, «erosketa merkeagoak egiten ahalegintzen baitira».

Ekoizle txikiak

Eroskik uste du, hortaz, prezioen gorakada «geldiarazi» egin duela, eta, aldi berean, sustapen jarduera handitu duela, «dela deskontuen bidez, dela eskaintzen bidez». Familien alde egindako ahalegin horri kopuru bat jarri dio banaketa enpresak: 183,6 milioiren aurreztea urteko lehen erdian. Ahalegin horrekin batera, gastuak handitu zaizkio Eroskiri, ohar batean jakinarazi duenez; «argindarra, garraioa eta alokairua», zehaztu du. Horren ondorioz, %11 jaitsi da etekin operatibo arrunta.

«Ahalegin handia egiten ari gara prezioen inflazioaren ondorioei eusteko. Marjinak apaltzen ari gara, kontsumitzaileak ez dezan jasan kostuen igoera. Familien aurrezkietan inflazioaren ondorioak txikitzen saiatzen ari gara», esplikatu du Eroskiko presidente Rosa Carabelek. Elikadura arloko negozio marjina «asko apaldu» dela gaineratu du, ekoizleek prezioetan helarazten omen dizkietelako kostuen igoerak.

«Aurrezte programa sendo bat jarri dugu martxan, egoera arinagoa izaten laguntzeko», nabarmendu du Carabelek. Salmenta prezioekin, «muturreko» sustapenekin eta fidelizazio klubarekin egin dute programa hori. Agustin Markaideren lekukoa hartu berri duen presidenteak azaldu du tokiko ekoizleei «laguntza eta babesa» eman diela, inflazioak eta haren eratorriek ekoizle txikiak «gehiago» jo dituelako. «Ohartzen gara jasaten ari garen zailtasunez janariaren katebegi guztietan», ziurtatu du Carabelek: «Gure helburua da egoera ahalik eta ondoena kudeatzea, arduraz jokatuz».

Iberiako Penintsulako iparraldeko liderretako bat da Eroski banaketaren negozioan, Hego Euskal Herrian, Galizian, Katalunian eta Balear Uharteetan; merkatu horietan %12tik gorako kuota dauka, eta Hegoaldean lehen taldea da. 1.646 saltokiko sare komertziala du: supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash & carry-ak, online supermerkatuaz gain. Gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak ere baditu taldeak. Azken urteetan desinbertsio handiak egin ditu zorraren zama handiari aurre egiteko eta bankuekin berregituraketa planak adostu ondoren. Taldeak sei milioitik gora bezero bazkide ditu, eta 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia hartzaile baino gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.