Azpiegiturak

Nafarroako Gobernuak Los Arcosko zirkuitua saldu du, 7 milioi euroren truke

MSV Group Erresuma Batuko taldeak ziurtatu du 3 eta 5 milioi euro arteko inbertsioa egingo duela eta zirkuituko hamar lanpostuei eutsiko diela

Los Arcos-eko zirkuitua. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko irailaren 30a
14:46
Entzun

Los Arcosko zirkuitua egitea, ustiatzea eta zorrak pagatzea 72 milioi inguru kostatu da, eta azkenean 7 milioi euroren truke saldu du NICDO Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi azpiegituren sozietate publikoak. Hau da, kostatu zenaren %10 ordainduko du erosleak, MSV Group Erresuma Batuko taldeak. Maiatzean, salmenta prozesuari ekin zionean, NICDOk 15 milioi euroren truke saltzea jarri zuen helburu gisa, baina, salmenta prozesua burututa, pozik azaldu dira arduradunak, urtero 4 milioi euroko kostua zuelako.

Salmentari buruzko agerraldia egin dute Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak eta Ramon Urdiain NICDOko zuzendariak. Biek azaldu dutenez, erosteko sei hautagai aurkeztu dira prozesura, baina azken fasean bi hautagaik baino ez dute egin eskaintza ekonomikoa eta teknikoa. Irabazlea MSV Group izan da, eta konpromisoa hartu du gaur egun zirkuituan lan egiten duten hamar pertsonak kontratatzeko. Bost urteren buruan orotara hamabi lanpostu izateko asmoa ere azaldu du.

MSV Group

MSV Groupek hiru eta bost milioi euro artean inbertitzeko konpromisoa azaldu du kudeaketa planean. Taldea sei zirkuituren jabe da Erresuma Batuan, eta, horien bidez, urtean 60 milioi euro fakturatzen ditu. Zirkuituok ateak irekitzen dituzten egunetan, batez beste %90ekoa da okupazioa. Zirkuitu nagusia Brands Hatch dute: 16 milioi euroren diru sarrerak ditu, eta ehun laguni ematen die lana. NICDOko arduradunek nabarmendu dute talde horrek erositako zirkuitu guztiak errentagarri egitea lortu duela eta inoiz ez duela zirkuiturik saldu.

Dena den, kontratuak jasotzen duenez, hurrengo bost urteetan MSV Groupek Los Arcosko zirkuitua berriz salduko balu, diferentzia ordaindu beharko lioke NICDOri, konpentsazio gisa. Tramitazioa ixteko xehetasunak falta badira ere, MSV Groupek berehala hartuko du zirkuituaren gidaritza. Hurrengo urteko motor lehiaketen egutegia urrian zehaztu ohi da, eta funtsezkotzat jotzen dute berehala hartzea ardura hori, kudeaketa ildo berriak ezar ditzan.

Nahiz eta kostuaren %10eko prezioan saldu, NICDOko eta gobernuko arduradunek nabarmendu dute dirua aurreztea lortuko dela salmentari esker. Hamabi urte bete dira instalazio hori inauguratu zenetik, eta epe horren parte handi batean kudeaketa publikoa izan da. Urtean lau milioi euroko kostua zuen zirkuituak, aintzat hartuta maileguak, mantentze lanak, inbertsioak eta ekitaldi berezien antolakuntza. Gainera, berriro ere derrigorrezkoa zen inbertsio handiagoa egitea, eta orain MSV Groupek hartu du horren guztiaren ardura.

Zama hori kendu izanaren garrantzia azpimarratu du Ramon Urdiainek: «Kultura, kirol, aisia eta turismo bilkuren proiektuak gauzatzeko aukera emango digu». Dena den, azken prezioa zazpi milioi eurokoa izan da, maiatzean ezarritako hasierako helburuaren erdia. Urdianek nabarmendu du kanpoko aholkularitza bati zirkuituaren balorazio ekonomikoa egiteko enkargua eman ziola. Hark erabilitako hiru metodologiak kontuan harturik, kasurik hoberenean 6 milioi euroan baloratu zuen egungo zirkuitua.

Porrot baten amaiera

Salmentarekin, amaitu da porrot ekonomiko baten historia. 2006an, Logroñon (Errioxa, Espainia) egoitza zuen Construcciones Samaniego eraikuntza enpresak zoruak erosi zituen Los Arcosen, eta enpresaren arduradun Jesus Samaniegok zirkuitu bat egiteko proiektua proposatu zion herriko UPNko alkateari. Egitasmo hura UPNren gobernuraino heldu zen, eta hasierako asmoa zen sozietate bat elkarbanatzea Los Arcosen zirkuitu bat eraikitzeko. Hasierako asmo hartan, azpiegiturak kostu txikia zuen, eta alor publikoaren esfortzua ere apala izango zen.

Errealitatea bestelakoa izan da. Proiektua hasi berri, krisia etorri zen, eta Nafarroako Gobernuak hartu behar izan zuen bere gain azpiegitura egitea. Sei milioi euroko lehen aurrekontutik azken emaitza errealerainoko aldea handia izan zen. Nafarroako Kontuen Ganberak egindako azterketa baten arabera, azpiegitura 55 milioi euro kostatu zen, baina, ondorengo urteetako faktura aintzat hartuta, 72 milioi euro ingurukoa da xahututakoa: 55 milioi euro obra, zirkuituaren ustiaketa sozietate publikoen eskuetan geratu den urteetan 6,7 milioi euroko defizita eragin du, interes tasetan 9 milioi euro ordaindu dira, eta urteotan 720.000 euroko abal bat gauzatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.