Athletic 4-0 Almeria

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Partida aparta jokatu, eta 4-0 hartu du mendean Athleticek Almeria. Denboraldi honetan ohikoa duen bizitasunez jokatu du erasoan talde zuri-gorriak, eta oso eraginkor aritu da aurkariaren ate aurrean. Festa izan da nagusi San Mamesen. Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Nico Williamsek eta Mikel Vesgak sartu dituzte golak.

ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 30a
23:30
Entzun

Etenak ez du eraginik izan Athleticen. Aparretan segitzen du talde zuri-gorriak. Beste partida oso on bat jokatu du San Mamesen, eta 4-0 hartu du mendean Almeria. Denboraldi honetan erasoan erakusten ari den joko bizia eta zuzena erakutsi du, eta lehen falta zitzaion eraginkortasunarekin segitu du aurkariaren ate aurrean. 20. minuturako 2-0 zegoen aurretik. Golak Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Nico Williamsek eta Mikel Vesgak (penaltiz) sartu dituzte. Hala, asteburu alaia pasako dute beste behin San Mameseko harmailak bete dituzten zale zuri-gorriek.

Gauzak ondo badoaz zertarako aldatu, pentsatuko zuen Ernesto Valverdek. Etenaren aurretik Rayoren aurka zelairatu zuen hamaikako bera atera du zuri-gorrien teknikariak. Gauzak ondo aterata une gozoan dago Athletic, konfiantzaz, eta dena atera zaio ondo hasieratik. Erasora begira atera da, golak sartzeko zailtasunak dituen talde bat izatetik, iristen den aldiro ia aukera bat sortzen duen talde bat izatera pasatu baita. Neurri batean Williams anaien sasoi ona erabakigarria izaten ari da. Bien artean egindako jokaldi batek jarri du aurretik talde zuri-gorria. Nicok erdiraketa neurtua jarri dio Iñaki anaiari, eta hark gola egin du. Erreskadan ia Muniainek egin du bigarrena. Gutxigatik joan zaio errematea kanpora. Ez, ordea, Oihan Sanceti 17.ean. Bizi berreskuratu du baloi erdian Athleticek. De Marcosek hartu du eta pase ona eman dio Sanceti. Hark sareetara bidali du baloia, erremate gurutzatu batekin. Beste partida on bat jokatu du Sancetek.

Ondo bideratua zuen neurketa Athleticek. Almeria nahi eta ezin ari zen, baloiak galdu eta presioan asmatu ezinik. Zuri-gorriak, bai jokalariak, baita zaleak ere gozatzen ari ziren. Valverderen taldeak nahi zuen jokoa egiteko aukera zuen, kontraerasoan atera eta bizi jokatuz. Lehen zatian ez da gol gehiagorik izan.

Bigarrena bide beretik joan da. Athelticeko jokalariek ekinean jarraitu dute. Gehiago nahi zuten. 50 minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Iñaki Williamsen gola, jokoz kanpo batengatik. VARean begiratu ostean egin du. 62. minutuan iritsi zaie saria, ordea. Lehen golean bezala, Wiliams anaiak izan dira protagonistak. Oraingo honetan Iñaki izan da pasea eman duena. Nicok ondo jaso du baloia, Almeriako jokalariekin ondo lehiatu da, eta gola egin du. Festa giroan segitu du partidak, eta biribiltzeko Mikel Vesgak laugarrena sartu du penaltiz. Zuri-gorriek Sevillaren zelaian jokatuko dute hurrengo jardunaldian, eta asteburuko emaitzen zain hirugarren daude sailkapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.