Girona 3-5 Reala

Realak badaki olatu artean ere igeri egiten

Neurketa ikusgarria jokatu dute Gironak eta txuri-urdinek. Sorloth (x2), Brais, Zubimendi eta Kubo izan dira golegileak.

Realeko jokalariak bost goletako bat ospatzen, gaur, Gironan (Herrialde Katalanak). DAVID BORRAT / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 2a
21:04
Entzun

Ez ohiko moduan, baina beste hiru puntu poltsikoratu ditu gaur Realak. Ikusleentzat neurketa zoragarria jokatu dute Gironak eta txuri-urdinek Montilivin; zortzi gol ikusteko parada izan da, eta futbolariak etengabe ibili dira joan-etorrian. Imanol Alguacilen taldeak, behingoz, erakutsi du badakiela ate aurrean asmatzen: Realak, gaur, bost aldiz jaurti du baloia hiru zutoinen artera, eta bost gol sartu ditu.

Esperotako hamaikakoa zelairatu du Orioko prestatzaileak: atzeko lerroan Aritz eta Pacheco izan dira zentralak (lesionatuta daude Zubeldia eta Le Normand); zelai erdian jada klasiko bilakatzen ari den laukotearen alde egin du (Zubimendi, Merino, Mendez eta Silva); eta aurrean Kubok eta Sorlothek jokatu dute.

Bi taldeek antzeko joko mota dute: gustuko dute baloia jokatuta ateratzea atzealdetik, eta aurkariei presio egitea aurrean, baloiak berreskuratu ahal izateko. Gisa horretara iritsi zaio saria Realari 8. minutuan: baloi bat gaizki aldendu du Bernardok, Silvari jausi zaio, hark Kubori pasatu dio, eta japoniarrak erdiraketa zoragarria egin dio Sorlothi, hark gola sartzeko.

Realak nahi zuen lekuan zuen neurketa, Riquelmek gol gogoangarri bat asmatu duen arte: Zubimendiri hanka artetik pasatu dio baloia, eta area kanpotik Remirok iritsi ezin zuen lekuan jarri du baloia. 23. minutua zen, eta partida aldatu du golak. Bigarrena lau minutu geroago sartu du Arnauk, buruz.

Girona atzean sartu da orduan, eta, Realak horma baten aurka joko zuela zirudienean, hura behera bota du Zubimendik. Bakarrik utzi du Sorloth area barruan, eta norbegiarrak, boleaz, maisuki amaitu du jokaldia. 2-2 eta atsedenaldia.

Eromena

Are eta zoroagoa izan da bigarren zatia: Merinok aukera bikain bat izan du 46.ean, eta gola 47.ean sartu du Taty Castellanosek. Bigun ibili dira Realeko atzelariak, eta Remirok ere ez du asmatu Gironakoaren jaurtiketa gogorra aldentzen.

Berdinketa 66. minutuan lortu du Brais Mendezek, inork errematatu ez duen falta batean, eta orduan hasi da Realaren erauntsia: Zubimendik aurretik jarri ditu txuri-urdinak 71. minutuan, eta Kubok itxi du neurketa 84.ean.

0-1 irabaztera ohitutako taldeak erakutsi du, beraz, badakiela 3-5 irabazten ere. Sailkapen nagusian seigarren postuan da Reala, hamahiru punturekin.

Girona: Juan Carlos; Yan Couto, Bueno, Bernardo, Juanpe (Valery, 76'), Gutierrez; Aleix Garcia (UreƱa, 79'), Romeu, Riquelme; Castellano eta Vallejo (Yangel, 65').

Reala: Remiro: Gorosabel (Sola, 55'), Aritz (Gebara, 83'), Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino (Turrientes, 83'), Brais, Silva; Kubo (Navarro, 88') eta Sorloth (Carlos Fernandez, 88')

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.