Real Madril 1-1 Osasuna

Osasunak puntu bat atera du Real Madrilen etxetik

Kike Garciak berdindu du gorritxoentzat bigarren zatiaren hasieran, eta, geroztik, berdinketa ondo defendatu du Iruñeko taldeak, jokalari bat gutxiagorekin geratuta ere.

Osasunako Sergio Herrera (erdian) eta Juan Cruz, berdinketa ospaten, bart, Madrilen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
2022ko urriaren 3a
07:52
Entzun

Sendo aritu da Osasuna Madrilen, eta puntu bat erauzi ahal izan du Santiago Bernabeu zelaitik. Real Madril indargabetu du, eta Ligako bigarren postura bidali du, Bartzelonaren atzera.

Viniciusek aurreratu du talde zuria atsedenaldiaren aurretik. Eztabaidagarria izan da gola, Vinicius baloia pasatzen saiatu denean Real Madrilgo bi jokalari zeudelako jokoz kanpo, eta horietako bat —Rudiger— erabakigarria izan delako, baloia ukitzen saiatu denean Sergio Herrera atezaina nahastu duelako. Epaile madrildarrak, ordea, ontzat eman du gola, VAR sistemaren arduradunarekin hitz egin ostean, baina bideoa ikusi gabe.

Askok pentsatuko dute zuriek partida bideratua izango zuela hortik aurrera. Baina Kike Garciak bizkarrez emaniko burukada batek baloia Andrii Luninen atean sartu du bigarren zatiaren hasieran, partidaren 50. minutuan.

Geroztik, Osasuna ondo gotortu da. Real Madril ideiarik gabe ibili da gorritxoen defentsa sendoaren kontra egiteko orduan. Horrez gain, huts larriak egin dituzte zuriek. David Garcia kanporatu du epaileak, jokaldi bat VAR sistemarekin aztertu ostean, eta penaltia erabaki du Osasunaren aurka. Benzemak gogor jaurti du, baina goregi, eta baloia kanpora joan da.

Amaiera tentsioz beterik egon da. Gorritxoek jokalari bat galdu dutela ikusita, presioa areagotu dute zuriek, baina 15 minutu ez dira aski izan, ideiarik gabe ibili baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.