Lau eta erdiko txapelketa

Lehia bizia espero dute lau eta erdikoan

Ostiral honetan hasiko da txapelketa,Villabona-Amasan, eta azaroaren 20an jokatuko dute finala, Bilbon. Pilotarien artean bi aldaketa daude iazko ekitaldiaren aldean: Dariok maila nagusian jokatuko du estreinako aldiz; Victorren ordez ariko da, eta Agirre arituko da Bengoetxea VI.aren ordez. Irribarriak ez du jokatuko.

Baikoko eta Aspeko pilotariak Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpenean, Miribillan. BERRIA
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 3a
11:40
Entzun

Caixabank Masterseko finala jokatuta, amaitu da pilotaren udako sasoia. COVID-19aren pandemiak erabat baldintzatutako bi udaren ostean, bete-betea izan da aurtengoa. Nekez geratuko zen pilotazaleren bat ase gabe, makina bat partida jokatu baitira. Pilotarientzat, berriz, garai oso trinkoa izan da, ia lau hilabete iraun baitu sasoiak, eta ia ez baita egon etenik.

Ez da etenik egongo orain ere, ostiral honetan hasiko baita denboraldiko lehen txapelketa: Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) lau eta erdikoa. Hilabete eta erdi iraungo du, azaroaren 20an jokatuko baitute finala, Bilbon, Miribillako pilotalekuan.

Gaur aurkeztu dute txapelketa, Miribillan bertan. Aldaketa gutxi daude aurreko lau eta erdikoaren aldean. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriz ere, enpresa bakoitzetik seik. Aspetik, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria, Danel Elezkano, Aitor Elordi eta Dario Gomez ariko dira; Baikotik, berriz, Unai Laso, Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña eta Asier Agirre. Aurrelariak dira guztiak. Azken urteetako ohitura da hori: Alvaro Untoria izan da maila nagusiko lau eta erdikoa jokatu duen azken atzelaria; 2016an aritu zen.

Pilotarien artean bi aldaketa bakarrik daude azken ekitaldiaren aldean: Aspen, Dariok jokatuko du Victor Estebanen ordez. Ezkaraikoak (Espainia) aurrerapausoa eman du, eta enpresak saritu egin nahi izan du: lehen aldiz ariko da maila nagusiko lau eta erdikoan. Haren jokoa ondo moldatzen da diziplinarako. Iker Irribarriak, berriz, ez du jokatuko. Euskadi Irratiari azaldu dionez, berak egin dio uko jokatzeari, ez baitu nahi bezain ondo eskuin belauna; iaz ebakuntza egin zioten. Aramakoak (Gipuzkoa) urteak daramatza ezinean lau eta erdian: 2016an irabazi zuen azken aldiz partida bat. Iaz, Elordik kanporatu zuen atarikoan.

Baikon, berriz, Agirre da berritasuna. Iruindarrak Oinatz Bengoetxearen lekua hartuko du, leitzarrak utzi egin baitu pilota profesionala. Hamabi aukeratuen artean egoteko, Agirrek Joanes Bakaikoa kanporatu behar izan du enpresak antolatutako atarikoan. Agirre bigarrenez ariko da maila nagusiko lau eta erdikoan. 2018an jokatu zuen lehen aldiz, aurreko urtean Promozio Mailako txapela irabazi eta gero. Ezkurdiaren aurka galdu zuen final-zortzirenetan. Iaz, atarikoan galdu zuen Peña II.aren kontra.

Ostiral gauean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Villabona-Amasan (Gipuzkoa): Elezkano II.a eta Artola ariko dira. Larunbat arratsaldean, berriz, bi partida jokatuko dituzte Zallan (Bizkaia): aurrenekoan, Jaka eta Elordi ariko dira, eta bigarrengoan, Urrutikoetxea eta Peña II.a. Azkenik, igande arratsaldean, Lekunberrin (Nafarroa), Dariok eta Agirrek jokatuko dute final-zortzirenetako azkeneko partida.

Azken urteetako sistemari eutsi diote. Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Laso, Ezkurdia eta Peio Etxeberria, hurrenez hurren. Urrutikoetxearen eta Peña II.aren arteko irabazleak eta Darioren eta Agirreren artekoak Altuna III.a eta Peio Etxeberria izango dituzte aurkari A multzoan; hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, datorren astean hasita. Elezkano II.aren eta Artolaren arteko garaileak eta Jakaren eta Elordiren artekoak, berriz, Lasorekin eta Ezkurdiarekin ariko dira B multzoko ligaxkan.

Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 5ean eta 6an jokatuko dira finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 20an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, 13an, hirugarren eta laugarren posturako partida izango da. EPELek oraindik ez du zehaztu non jokatuko den.

Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio partida lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazle. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.