Ingurumena

Salatu dute litekeena dela Bardeako sutea Espainiako armadak sortu izana

Joan zen astelehenean piztu zen sua. Poligonoaren Aurkako Asanblearen arabera, «hauek dira Europa mailako kontserbazio bereziko eremu batean tiro poligono bat edukitzearen kalte larriak»

Sutearen irudi bat, Nafarroako Suhitzaileek zabaldurik bideo batetik hartutakoa. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 5a
10:26
Entzun

Joan zen astelehenean sua sortu zen Bardeako (Nafarroa) kontserbazio bereziko gunean. Poligonoaren Aurkako Asanbleak agiri baten bidez salatu duenez, Espainiako armadak lehergailuekin eginiko maniobrek sortu zuten sua, «aurreikus daitekeenez». Nafarroako agintariek ez dute esan nola piztu zen sua.

Astelehenean hasita, ostiralera arte, tiro eta bonbardaketa praktikak programatu ditu Espainiako Armadak Bardean.

Astelehenean piztu zen sua, eta, arratsaldean, haizea aldatu egin zen, eta horrek sua zabaldu zuen. Orduan, beste helikoptero bat jarri behar izan zuten itzaltzeko lanetan. Azkoiengo (Nafarroa) suhiltzaileekin indartu behar izan zuten taldea. 22:00etarako amatatutzat eman zuten sua. Besteak beste, zuhaixkak erre ziren sutean.

«Hauek dira Europa mailako kontserbazio bereziko eremu batean tiro poligono bat edukitzearen kalte larriak», adierazi du taldeak. Horien arabera, ez da ulertzekoa kontserbazio bereziko eremu batean tiro ariketak egitea. Suteak ingurumenean eragin dituen kalteak azaldu dituzte. Gogoratu dute ingurune horretan dagoela Portugalgo pirripioa (Chersophilus duponti) hegaztiaren Nafarroako populazio bakarrenetako bat. Horrez gain, landarediak, intsektuek eta anfibioek kalteak pairatuko zituztela adierazi dute.

Espainiako Armadak benetako munizioa erabili izana salatu dute. «Leherkaririk gabeko maniobrak arriskutsuak badira, are arriskutsuagoak dira benetako munizioarekin eginikoak». Horrez gain, erakunde militarraren «erabateko isiltasuna» deitoratu dute, ez baitu informaziorik edo azalpenik eman gertatutakoaren inguruan.

Halako maniobrek bakerik ez dakartela adierazi dute, eta «gerraren suak eraginikoak itzaltzeko diru publikoa erabili behar izana» gaitzetsi dute. Konponbidea eskatu diete Bardeako batzarrari eta Espainiako Defentsa Ministerioari, eta lan gehiago egiteko Nafarroako Gobernuari eta Aragoikoari (Espainia), «populazioak pairatzen duen arriskuarengatik». Poligonoa desegiteko eskatu dute, «bakea bultzatzeko», eta «Bardearen ingurumen balio handiak» babesteko.

EAJren galdera

Gaia Espainiako Kongresura heldu da gaur. EAJko diputatu Joseba Andoni Agirretxeak galdera aurkeztu du, Espainiako Gobernuak azal dezan sutea Espainiako Armadaren maniobrek eragin ote zuten. «Benetako sua erabili zuten Bardean data horietan? Egokia iruditzen zaio Gobernuari maniobrak egitea kontserbazio gune berezi batean, UNESCOk Biosferaren Erreserba izendaturikoan?», galdetu dute jeltzaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.