Futbola

20 urte Athleticek lehen partida jokatu zuela

Bihar beteko dira 20 urte talde zuri-gorriaren emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. 7-1 irabazi zion Torrejoni. 5 liga titulu ditu irabaziak. Baina hortik harago, emakumezkoen futbolean aitzindarietako bat izan zen, baita ondoren izan den profesionalizazioan ere.

jarraia219097.jpg
ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 5a
18:09
Entzun

Hogei urte beteko dira bihar Athleticeko emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. 7-1 amaitu zen neurketa, eta Torrejon izan zuen aurkari. Lezama lepo bete zen, eta askoren gogoan geratu da lehen hamaikako hura: Capa, Uriageraka, Gaztelu, Tzibi, Vanesa, Itziar Gurrutxaga, Iraia, Lorena, Eli Ibarra, Nerea Onaindia eta Eba Ferreira. Talde hura ondoren iritsiko zenaren hazia izan zen. Izan ere, denboraldi hartan bertan liga irabazi zuen talde zuri-gorriak. Ondoren, beste lau iritsi ziren: 2003-2004, 2004-2005, 2006-2007 eta 2015-2016 denboraldietan. Jokalari horiek omenaldi beroa jaso zuten igandean.

Javier Uria zen orduan Athleticeko presidentea, eta Andoni Zubizarreta kirol zuzendaria. Egun gizonezkoen taldeko lehen entrenatzaile den Ernesto Valverdek egin zuen emakumezkoen talde bat sortzeko proposamena. Garai hartan kirol zuzendaritzan ari zen lanean Valverde. Uriak berak horretarako proposamena egina zuen hauteskunde kanpainan. Hala, Leioako emakumezkoen taldearekin harremanetan jarri ziren, eta Athleticeko parte izatera pasatu zen. Iñigo Juaristi zen taldeko entrenatzailea. Zalantzak izan zituzten Leioakoek, aurretik arazoak izan zituztelako Sondikarekin. Baina aurrera egin zuten. Denboraldi hartan, gainera, Leioak Lehen Mailara—Superliga deitzen zitzaion orduan—igotzea lortu zuen. Aldaketa handia izan zen jokalarientzat: 300 lagunen aurrean jokatzen zuten horren aurretik, baina 2.000 zale izan zituzten lehen partida hartan. Bete egin zen Lezama. Gainera, denboraldi hartan balentria egin zuten liga irabazita.Artean oso klub profesional gutxi ziren emakumezkoen talde bat sortzearen alde egiten zutenak. Athletic aitzindarietako bat izan zen. Horrek modua eman dio urte hauetan profesionalizazioaren bidean beste klub batzuen aurretik joateko.

Lehen mugarri hura ondoren etorriko etorriko zenaren hasiera izan zen. Hurrengo bi denboraldietan ere liga irabazi baitzuten, eta, besteak beste, San Mamesen jokatu zuten. Laugarren titulua 2006-2007 denboraldian ailegatu zen. Bost urtean lau liga irabazi zituzten. Txapeldun izateak Europan aritzeko aukera eman zien, Txapeldunen Ligan. 2003-2004 denboraldian izan zen estreinakoa. Bigarren kanporaketako multzoen fasean parte hartu zuen. 2-0 irabazi zioten SV Neulengbachi, 5-2Dezembrori eta 8-1 galdu zuen Frankfurten kontra. Bigarren izan zen multzoan talde zuri-gorria, eta txapelketatik kanpo geratu zen.

Baina ezusteko handiena 2016-2017 denboraldian eman zuten. Joseba Agirreren eskutik berriro ere txapeldun izan ziren. Hori izan da taldeak lortu duen azken titulua, baina beti egon da sailkapenaren goialdean, harrobiko lana oinarri hartuta. Hain zuzen ere, Levanterekin batera, denboraldi guztietan Lehen Mailan egon den taldea izan da, eta egun talde zuri-gorria da Espainiako emakumezkoen futboleko hiru kategoria nagusietan taldeak dituen klub bakarra. Sorreratik jokalari asko igaro dira klubetik. Golegile nagusia aurreko sasoian erretiroa hartu zuen Erika Vazquez da, 264 golekin. Atzetik datoz Nekane (160) eta Eli Ibarra (111). Nafarrak jokatu du elastiko zuri-gorriarekin neurketa gehien: 423. Ibarra dago bigarren (413) eta taldeko egungo entrenatzaile Iraia Iturregi hirugarren (402).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.