Eduki babestua

Oinez Basoa, inoiz baino biziago

Datorren urriaren 16an Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak bere laugarren Nafarroa Oinez festa antolatuko du.

Datorren urriaren 16an ospatuko da Nafarroa Oinez festa. NAFARROA OINEZ
2022ko urriaren 6a
15:29
Entzun

Datorren urriaren 16an Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak bere laugarren Nafarroa Oinez festa antolatuko du Erdian Erein lelopean, eta, nola ez, gogora datorkigu duela hamaika urte ospatu zen azkenekoa, 2011n, alegia. Urte hartan, aurrera eramandako dinamika guztien barruan, Tafallan, Oinez Baso bat sortzea proposatu zen, baita arrakasta handiz burutu ere. Duda gabe, gerora jarraipen bikaina izan duen proiektua bihurtu da, eta are gehiago, Nafarroako Ikastolen Elkarteko festa nagusiaren barruan nahitaezko egitasmoa bihurtu da urtez urte. Hala, Oinez jaia ospatzen duen Ikastolak bere herriko landa eremu bat basoberritzen du urtero.

Egungo gizarteak duen kezka globalik handienetako bat klima aldaketarekiko eta ingurumenarekiko kontzientzia da, eta hezkuntza ezinbesteko faktorea da belaunaldi berrietan egin beharreko lanketan. Bada, Oinez Basoaren helburu nagusia da euskararen bultzada, gure hezkuntza proiektua eta naturarekiko konpromisoa uztartzea. Era berean, Ikastolen jai erraldoiak duen inpaktu ekologikoaz jabetuta, berau antolatzean erabiltzen diren baliabide naturalen kontsumoa, hondakinen sortzea edota berotegi-efektuko gasak jaulkitzea nolabait orekatzearren edo konpentsatzearren sortutako egitasmoa dela esan daiteke.

Proiektuaren hastapenak 2008an izan ziren, Arbizun, eta bigarrenik, Tafallan. Geroztik, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano-Antzin-Lizarran 10 baso sortu dira, eta 14 urteetan zehar egin den ibilbidearen baitan, 50.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa guztian barna, Nafarroa Oinez-ek uzten duen elkartasun aztarnaren eraginez.

Ikasleak eta zientzialariak

Gure herrian, erraterako, hegoalderantz zabaltzen den Plano mendiaren hasieran egin zen landaketa, 7.700 arte eta erkametz jarriaz 8,3 hektarea hartzen dituen eremuan. Geroztik egin den jarraipenaren ondorioz, harro esan dezakegu Tafallako Oinez basoa nolabait paradigmatiko bihurtu dela, eta horren adibide garbia da 2012-2013ko ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniari Agronomoen Goi-mailako Eskolako lantaldearekin abiatu zen ikerketa proiektu berritzailea. Iñigo Virto doktorearen gidaritzapean, basoak eragindako karbono atmosferikoaren bahiketa eta ingurumen-onurak ebaluatzen hasi ziren, eta lortutako emaitzek ez dute duda izpirik uzten: jadanik 500 tona CO2 baino gehiago xurgatu ditu Tafallan landatutako birika honek, 100.000 litro dieselek kutsatzen duena baino gehiago. Gainera lurzoruaren kalitatea izugarri hobetu du, bai eta bertako mikrofaunaren aniztasuna bultzatu ere.

Ildo beretik, Plano mendiko basoaren jarraipen hau gure Ikastolako hezkuntza jardueraren baliabide pedagogiko bilakatu da.Diseinatutako metodologiari esker, Garces de los Fayos Ikastolako ikasleek zuzenean parte hartu zuten Unibertsitateko zientzialariek hartutako laginetan eta neurketetan. Halaber, haiek ere artatu eta hezi dituzte zuhaixkak nolabait. Udazken oro DBH 1. eta 3. mailako ikasleek ezkurrak biltzen dituzte gero ikastolan bertan ernetzeko. Ikasturte bat zaintzen egon ostean, 2. eta 4. mailan daudenean Oinez Basoan aurrera egin ez duten landareak haiek landatutakoekinordezkatzen dituzte. Sobera geratzen diren kimuak Tafallan dagoen beste landaketa proiektuetarako landatzen ditugu, Berdesia kasurako.

Cascarruejos-eko behatokia.

Oinez Basoaren arrakasta bistakoa da, eta bere horretan bikain hazten ari dela ikusita, Tafallako ikastolak beste proiektu bati heldu dio aurtengo Oinez egitasmoaren barruan. Ingurumenaren eta hezkuntzaren ildoari jarraikiz, Tafallako ondare naturalaren txoko ederra den aintzira txiki batean hegazti behatoki bat sortzea pentsatu da, Cascarruejos izenekoan hain zuzen. Horren kokalekua arestian aipatutako Plano mendiaren beste aldean legoke, hegoaldera joanaz, La Sarda eta Candaraiz eremuen artean.

Euri-urez sortutako urmael hori gozamenerako eta ingurumen-hezkuntzarako beste elementu bat bihurtu nahi da, edonork disfruta dezan.Proiektuaren asmoa lurraldean ahalik eta integratuena egongo den behatokia eraikitzea da, inguruko landa eraikinen antzekoa, ahal den neurrian material birziklatuekin, non harriak, karea, lurra eta zura paisaiarekin mimetizatuko diren.Hainbat azpiegituraren eraginez ingurunearen etengabeko sarraskia pairatzen ari garen honetan (AHT-a, Nafarroako ur-kanala, autobidea, haize-errrotak…), eskertzekoa da Ikastolaren eta Udaletxearen elkarlanari esker Tafallako landa eremuak izango duen beste arnasgune hau. Zorionak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.