Bizkaiko zahar etxeetako hiru greba egunen «balorazio positiboa» egin du ELAk

Lan itunaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu dute langileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean egindako protestan. Prest agertu dira greba gehiagora deitzeko.

Grebalari bat, gaur, foru jauregiaren aurreko protestan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko urriaren 6a
17:58
Entzun

«Borroka egitea baino ez zaigu geratzen», esan du gaur Soraya Garcia ELAko ordezkariak, Bilbon, Bizkaiko zahar etxeetako lankideei begira. Orain urtebete egin zuten lan hitzarmen berria negoziatzeko azken bilera patronalekin, eta, blokeoaren aurka, hiru greba egun egin dituzte asteon. Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute gaurko mobilizazioa, eta «balorazio positiboa» egin du Ander Akarregik: «Jendea prest dago borrokatzeko. Aurreko lan gatazkan 378 greba egun egin genituen; berriro egin behar baditugu, egingo ditugu, baina ezinbestean lan baldintzak hobetu eta kalitatezko zerbitzua ezarri behar da Bizkaiko egoitzetan».

2016 eta 2018 arteko lan gatazka historikoan sinbolo bihurtutako elastiko berdeek foru jauregiaren inguruak hartu dituzte eguerdian: egoitza pribatuetako ehun behargin baino gehiago agertu dira protestara. Erresidentziak borrokan! lelodun oihal handi bat zabaldu dute, eta «konponbide» bat galdegin diote aldundiari, hark finantzatzen baitu zerbitzua. Kalean jarritako karteletan adierazi dituzte eskaera zehatzak: erosahalmena bermatzea, berdintasun planak eta kontziliazio neurriak bideratzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, lanaldi osoko kontratuak lotzea, enplegua egonkortzea...

Grebalarien paparrean, berriz, txapa bat, aldarri batekin: «Zaindu nazazu bi orduz (gutxienez)». Eskaera nagusietako bat baita ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, Akarregik azaldu duenez: «Bizkaiko Diputazioaren ratioei buruzko dekretuak zehazten du zenbat denbora daukagun egoiliar bakoitza artatzeko, eta langile guztien batuketak dio ordubetez jasotzen dutela zaintza, baina guk uste dugu gutxienez bi ordukoa izan behar duela zaintza horrek. Eta horrek esan nahi du lantaldeak bikoiztu egin behar direla». Erantsi du araudietan «anomalia itzel» bat dagoela: «Ratio diferenteak daude lurraldeka. Mendekotasunaren bigarren edo hirugarren gradua dutenak artatzeko, 88 minutu dituzte Gipuzkoan, eta 60 Bizkaian».

«Zaintzak txarto daude», berretsi du Garciak. Eta lan baldintzez ez du panorama hobea marraztu: «Soldatak izoztuta dauzkagu duela bi urtetik, eta, soilik KPIa kontuan hartuta, %16ko erosahalmena galdu dugu. Langile gutxiago dago, ez da ordezkapenik egiten, azken urtean ez gaituzte negoziazio mahaira deitu... Soilik borrokak lor dezake egoera hau desblokeatzea».

Atzo, auto karabanan

Hiru greba egun egin dituzte jarraian: «Indarrez eta alaitasunez». Asteartean, manifestazio zaratatsua egin zuten Bilbon, eta atzo, auto karabanak egin zituzten eskualdeetan. «Zirraraz» gogoratu du atzokoa Garciak: «Egoitzetara joan ginen, eta gutxieneko zerbitzuetan zeuden lankideak ateetara edo leihoetara atera ziren, baita adinekoak eta senideak ere, txaloka. Haiek gu sentitzeko eta guk haiek sentitzeko modu bat izan zen». Gaur ere trikipoteoan amaitu dute mobilizazioa: «Festa giroan gizarteratu nahi dugu gure borroka».

Ikasturte berrian egindako lehen lanuzteak izan dira hauek —aurreko hilabeteotan beste sei egin zituzten—, eta borroka indartzen ari dela uste du Akarregik: «Gutxieneko zerbitzuak %80 ingurukoak dira, eta horrek asko murrizten du kalera irteteko aukera. Baina, orokorrean, zentro handietan jende askok parte hartu du greban, eta zentro txikietan orain arte irten ez direnak irteten hasi dira». Garciak aitortu du gorazko joera hori ohikoa dela sektorean: «Ikusten ari gara jendea nekatuta dagoela pandemia batetik datorrelako, baina badakigu greba haziz joango dela». Eta luze joko duelako susmoa du: «Emakumeak beti jartzen gaituzte irteera marran: berdin dio zenbat hazi garen, berriro itzularazten gaituzte hasierara, dena demostratzera... Baina hau da gure borroka, eta badakigu beste aukerarik ez dagoela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.