Xeriff Tiraspol 0-2 Reala

Xeriff ere, girgilurik jarri ezinda

Realak irabazi egin ditu Europa ligan jokatutako partida guztiak, Moldavian gailenduta. Eskura du multzoen fasea gainditzea, Silvak eta Aritzek sartutako golei esker.

Aritz Elustondo eta Jon Pacheco, beasaindarraren gola ospatzen. DUMITRU DORU / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 6a
21:19
Entzun

Europa ligan ez dago Reala lotuko duen aurkaririk. Orain artean, bederen. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte txapelketan jokatutako partida guztiak. Hiru jardunaldietan gailenduta, Imanol Alguacilen taldeak tinko segitzen du E multzoko lidergoan. Ez alferrik, mendean hartu baititu Manchester United, Omonia Nikosia eta Xeriff Tiraspol. Ligaxkaren erdia osatuta, donostiarrek eskura dute lehiaketan segitzea.

Realak Xeriff menderatu du oraingoan. Transnistriako taldeak ere ez du jakin gipuzkoarrak geldiarazten. Izena ofizio balu, jai luke: ezin Realari girgilurik jarri. Alguazilen multzoa ez, futbol taldea da Xeriff, eta Reala baino eskasagoa, bistakoa denez. Agerian geratu da hori Chisinaun jokatutako neurketan. Imanolen jokalariek, aparteko erakustaldirik eman gabe, eroso irabazi dute norgehiagoka.

Bisitariek hasieratik erakutsi dute horretarako prestasuna, eta entrenatzaileak zerikusi handia izan du horretan. Ohi duen eran, Imanolek partidaren bezperan adierazi zuen Xeriff kontuan hartzeko aurkaria izango zela, eta hamaikako neurritsua prestatu du horretarako. Hasieratik zelairatu ditu ohiko jokalari gehienak, Martin Zubimendi kenduta —arazo fisikoak izan ditu astean zehar—.

Dena den, futbola ez da matematika bezain zehatza, eta Realari kosta egin zaio nagusitzea. Kalitatea ez da islatu lehendabiziko zatian. Xeriffek presarik gabe ekin dio neurketari, eta Realak izan du jokoaren gidaritza. Baloi jabetza eduki bai, pase gehiago eman bai —400dik gora, partidan zehar—, baina arrisku gutxi sortu du lehen 45 minutuetan.

David Silvak egindako falta jaurtiketa bat izan da lehen erdiko aukerarik argiena. Jaurtiketa ona egin du, baina baloia kanpora joan da. Halere, gerora egingo zuenaren aurrekaria izan da hori. Xeriff ere kamuts antzean aritu da hasierako minutuetan, atzealdea gotorleku bilakatu nahian. Halere, bere jokalarien abiadura baliatu eta saialdi batzuk egin zituen egin ditu Alex Remiroren atearen aurrean, tantaka-tantaka. Aurrea hartzeko aukera ere izan du erasoan egindako jokaldi bakanetan. Batez ere, Felipe Vizeu eta Cedric Babolo nabarmendu ziren lantegi horretan.

Ez du asmatu, ordea, eta itzalak gain hartu du hurrengo minutuetan. Ez distira, eta ez abagune. Halaxe amaitu da lehen zatia. Gaitasunak eta inertziak alderatuta, etxekoak zeuden emaitzarekin konforme, inor egotekotan.

Kalitatea eta estrategia

Bigarren zatiak ere aurrekoaren traza izan du estreinako minutuetan. Alabaina, berriz ere agerian geratu da esanaren eta izanaren arteko aldea. Xeriffekoen elastiko beltzek izar bat zuten bularrean, baina Realak zuen izarrik distiratsuena: David Silva. Espainiarrakbere abilezia baliatu du txuri-urdinak aurretik jartzeko. Jaurtiketa indartsu bat egin, eta 0-1ekoa egin du, 53. minutuan. Gol ederra izan da.

Behin abantaila hartuta, Realak erraz lotu du garaipena. Zer esanik ez epaileak Xeriffeko Kyaobu kaleratu duenean. Hurrengo minutuan aldea handitu dute txuri-urdinek; geldikako jokaldi batean, Brais Mendezen erdiraketa errematatu egin du Aritz Elustondok, bigarrena egiteko.
Hortik aurrera mami gutxi izan du neurketak. Realak hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu: multzoko lidergoa dago, bederatzi punturekin. Hiru gutxiago ditu Manchester United bigarrenak, Xeriffek hiru, eta Omoniak alerik ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.