Gizarte Segurantza

Gehieneko kotizazio oinarria %8,6 igo du Madrilek

Soldatarik handienak dituzten langileei eragingo die, hilean 4.500 euro baino gehiago irabazten dutenei.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa, asteartean senatuan eginiko agerraldian. ZIPI ARAGON (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 7a
15:42
Entzun

Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzaren gehieneko kotizazio oinarria %8,6 igoko du datorren urtean. Hala, langilearen soldatagatik Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak hileko soldata gordinaren lehenengo 4.495 euroetan aplikatuko dira, soldata hori (54.000 euro urtean) edo hortik gorakoak dituzten langileen kasuan. Orain arte, 4.139,40 euroraino aplikatzen ziren kuotak.

Espainiako Gobernuak 2023rako aurrekontu egitasmoan jaso du neurria. Gehieneko oinarria igo arren, bere asmoa da hori ezabatzea, langile batek jasotzen dituen diru kopuru guztiek Gizarte Segurantzan kotiza dezaten. Hori egiteko asmoa du pentsioen erreformaren bigarren eta azken fasean, datorren urtean ziurrenik.

Gehienezko kotizazio oinarria handituz edo muga kenduz, Gizarte Segurantzak diru gehiago bilduko du. Kotizatzaileen kasuan, ez du aldaketarik ekarriko erretiro pentsioetan, gehienezko pentsioa ez baitu igoko gobernuak.

Gutxieneko oinarriari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldataren maila berean igoko du, baina hori oraindik ez dago erabakita. 2022an, 1.166,7 eurokoa izan zen.

Patronala, kexu

Kotizazioa oinarriak handitzea ez da patronalaren gustukoa, enpresek jartzen dutelako kotizazioaren zatirik handiena.

Confebaskek uste du neurria «erabat desegokia» dela, batez ere enpresen «irabazi marjinak eta jarduera asko murrizten ari diren honetan». Azpimarratu du lan kostuak nabarmen handituko direla, eta kalitatezko enplegua sortzeko traba bat dela, enpresen lehiakortasunari eraginez. Kalkulatu du neurriak 125-150 milioi euro inguruko kostua izango duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresentzat, eta 100.000 langile ingururi eragingo diela.

CEOE patronalak «onartezintzat» jo du erabakia, eta kritikatu du gobernuak ez duela negoziatu sindikatuekin eta patronalarekin osatzen duen mahaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.