Hezkuntza Legea

Hezkuntzako eragile nagusiek eskatu dute legeak euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» jaso dezala

EAEko Hezkuntza Legeak euskararen inguruan jaso beharreko proposamen «integrala» aurkeztu dute euskalgintzak, eta hezkuntzako eragile eta sindikatu nagusiek.

Hezkuntza eragile nagusien agerraldia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 10a
12:11
Entzun

Euskalgintzaren Kontseilua, EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, Heize, Hik Hasi, ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariek agerraldi bateratua egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuari ekarpena aurkezteko. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eman ditu proposamenari buruzko xehetasunak. Azpimarratu duenez, hezkuntza eragile guztiek «kezka» agertu dute lege zirriborroak ez duelako «argi» zehazten zein izango den etorkizuneko hizkuntza eredua. Hain justu ere, «gabezia» hori betetzeko proposamena ondu dute hezkuntza eragileek. Aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du hezkuntza sistemaren hizkuntza eredua: «Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakasteko eta hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabileran normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa izango da, eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera».

Bilbaok euskarazko hizkuntza eredu «orokortuaren» beharra justifikatu du: «Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du».Belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea nahi bada, eragileek ezinbestekotzat jo dute legeak euskarazko eredu «orokortu eta inklusibo berri bat» jasotzea. Gaur aurkeztutako proposamenean zehaztu dutenez, euskararen ikaskuntza prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak finkatuko dira, betiere oinarri bati jarraiki: «Euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea».

Hizkuntza ereduez eta hizkuntza proiektuez gainera, beste hainbat elementu jaso ditu ondutako ekinbideak. Besteak beste, euskal curriculumari erreferentzia egin diote testuan, eta zehaztu dute «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala biltzen dituen ikuspegia» jaso beharko duela. Halaber, ikastetxeetako hizkuntza jarduna ere arautu dute proposamenean, ikastetxeak euskararen «arnasgune funtzional» bilaka daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen.

Horiek ez ezik, bestelako atal batzuk ere jaso dituzte proposamenean. Besteren artean, hauek: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide heziketa, kirol eta arte ikuskizunak, hezkuntza sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza eskubideak. Finean, «euskararen betarrekoetatik, ekarpen integrala» egin dute, Bilbaok nabarmendu duenez. Esan du garrantzitsua dela euskararen gaia «egoki» jartzea lege berrian: «Hurrengo hamarkadetan indarrean izango den legeak bai ala bai bermatu behar du euskara ikasteko eta irakasteko hizkuntza izango duen eredu orokor eta inklusiboa abian jarriko dela. Ezin da aukera galdu».

Hezkuntza eragileek gaur aurkeztu duten proposamena ekarpen gisa erregistratuko dute Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan, eta, ondoren, alderdien esku utziko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.