Reala 3-0 Xeriff Tiraspol

Realak nagusitasunez egin du aurrera

Realak matematikoki ziurtatu du Europa ligako multzoen fasea gainditzea. Txuri-urdinek aise irabazi dute Xeriffen aurka. Imanolek aldaketa asko egin ditu, nekea kudeatzeko eta minutuak banatzeko.   

Diego Rico eta Beñat Turrientes, Realaren bigarren gola ospatzen. Atzelai espainiarrak lehen gola egin du Realarekin. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 13a
22:54
Entzun

Reala da Europa ligan multzoen fasea gainditu duen lehendabiziko taldeetako bat. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte jokatutako lau partidak, eta nagusitasun hori baliatu du lehen urratsa egiteko. Orain, final-zortzirenen aurreko kanporaketa saihestea du hurrengo xedea. Manchester Unitedekin izango du lehia hori, azken unean gola sartuta irabazi baitio Omoniari (1-0).

Dena den, indartsu dago Reala. Donostiarrek Xeriff Tiraspol hartu dute mendean Anoetan (3-0). Imanol Alguacilen taldeak lehen zatian bideratu du garaipena, jokoan nagusi izanda. Teknikari oriotarrak zenbait aldaketa egin ditu hamaikakoan. Besteak beste, Aritz Elustondok atzeko hegalean jokatu du, eta Diego Rico, Ander Gebara, Beñat Turrientes eta Carlos Fernandez ere hasieratik aritu dira.

Hala, Imanolek nekearen karga kuadeatu nahi izan du, hasiera batean maila txikiagoa duen talde baten aurka. Bete-betean asmatu du. Realak nagusitasun handia izan du jokoan. Lehen zatia hasi orduko gailendu da; zelai erditik nahiz soropilaren erdigunetik sortu ditu erasoko aukerak, eta estu hartu du Xeriff.

Realak neurketa hasi orduko hartu du partidaren neurria. Kontrarioari arnaserako tarterik utzi gabe, jokaldi landuak egitea izan du helburu. Horren adibide izan dira Carlos Fernadezen eta Brais Mendezen bi jaurtiketa, gola egitear izan baitira biak. Haien saialdiek zutoina jo dute. Lanean segi behar.

Dena den, Realari asko gozatu zaio norgehiagoka 35. minutuan. Epaileak txartel gorria atera dio Armel Zohouriri, Diego Ricori eraso egin diola. Kaleratze argia izan da. Ordutik aurrera, Realak izan du jokoaren erabateko kontrola, eta atsedenaldiaren atarian egin du lehendabiziko gola, Alexander Sorlothen zartako indartsu bati esker.

Kudeaketa, eta errenta
Tankerakoa izan da bigarren zatia ere. Imanolek David Silva eta Carlos Fernandez kendu ditu atsedenaldian, eta Robert Navarro eta Jon Karrikaburu zelairatu. Jokora batu diren kirolariek ondo aprobetxatu dute aukera. Batez ere, Navarrok. Kataluniarrak eman du bigarren goleko pasea. Joko konbinatiboa baliatuta lortu du errenta handitzea. Parte hartzeko handiko jokaldiaren ostean Navarrok jaso du baloia, area barruan, eta hark Ricorekin jokatu du. Atzelari espainiarrak lehen gola egin du txuri-urdinez jantzita.

Realak orduan erabaki du neurketa. Xeriff erabat gaindituta, etxekoek nahieran jokatu dute amaierara artean. Navarrok berak egin du hirugarren gola, 83. minutuan, boleaz, Take Kuborekin elkarlanean. Garaipen jabala izan da, eta halakoxea izaten ari da txapelketa ere. Lehiak aurrera egin ahala sortuko dira estutasunak. Bien bitartean, gozatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.