Cate Blanchett aktoreak Kirmen Uriberen poema bat izan du inspirazio iturri

‘Udako gau epela’ poemak ezin hobe azaltzen du 'Tar' filma, Blanchetten ustez. 'The New York Times Magazine' igandekarian egindako elkarrizketa batean aipatu du Uriberen lana.

Kirmen Uribe. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 14a
12:29
Entzun

Lydia Tar konpositore eta orkestra zuzendariaren ibilbideaz aritzean, Cate Blanchett aktoreak hitz gutxi behar ditu hura deskribatzeko: «Etengabeko arrisku sentsazio hori». Blanchett haren larruan jarri da Tar filmean (2022), Todd Field zuzendariaren azken lanean —emakumezkorik aktore onenaren saria jaso du Veneziako 79. Zinemaldian—. Duela ez asko, aktore australiar horri elkarrizketa bat egin diote The New York TimesMagazine aldizkarian, eta hartan azaldu du Kirmen Uriberen poema bat inspirazio iturri izan zela Tarren pertsonaia sortzeko garaian.

17 segundo liburuko (Susa, 2019) Udako gau epela poema da hori, hain zuzen. Artikuluan bertan, kazetariak dio Blanchetten publizistak bidali ziola poema, galderei ekin aurretik irakurri behar zuela eta. Elkarrizketan, Kirmen Uriberen lerroak ekartzendizkio hizpidera kazetariak, nahiz eta Blanchett ez hain ongi akordatu haietaz: «Orduan, dena adierazten zuen [poemak]. Orain, ezin dut gogoratu ere egin. Ez al da esanguratsua?». Poema berriz irakurrita, baina, gau epeleko bizipen horiek Tar filma ezin hobe azaltzen dutela deritzo aktoreak.

Duela urte eta erdi inguru irakurriko zuen Blanchettek Udako gau epela. The Paris Review aldizkariaren 2021eko udaberriko zenbakian argitaratu zuten, ingelesez. Elizabeth Macklinek itzuli zuen, In the Coastal Town titulua jarrita. Interpretazioak interpretazio, The New York Times-eko kazetariak droga mendekotasuna eta maskulinitatea aipatzen ditu artikuluan. Honela dio jatorrizko bertsioak:

Udako gau epela.
Musika tabernatik.
Neure barrura ihes egin nahi dut.
Droga onbera sentitzen dut
zainetan barrena.
Badoa, badoa,
sugeak ezagutzen baititu
hobekien nire bazter ilunenak.
Barrutik besarkatzen
nauen gauza bakarra da.
Lasai nago azkenean
.

Elkarrizketa berean, zaila da Blanchettentzat poemak zertan eragin zion azaltzea; nahiago du Uriberen hitzek «beren kabuz» hitz egin dezatela, horien inguruan azalpenak eman ordez. «Betiko arazotzat» jo du dena esplikatu beharra, eta zentzu logiko bat topatzearena. «Hortxe dago guztia, guztia dago azalduta. Horregatik bidali nizun. Pentsatu nuen: ‘Nahikoa izango da. Gero, ez dut horretaz hitz egin beharko».

Ikusi gehiago:Kritika: '17 segundo'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.