Vandana Shivak jasoko du Ignacio Ellakuria saria, ekofeminismoan erreferente izateagatik

Klima larrialdiaren aurkako borrokan erreferentea da Shiva. Eusko Jaurlaritzak banatzen du saria, garaperenaren aldeko egitasmoek duten merezimendua aitortzeko.

Vandana Shiva ekintzaile ekofeminista. JON URBE / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 15a
14:49
Entzun

Landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna da gaur, eta gaurkoa hautatu du Eusko Jaurlaritzak aurtengo Ignacio Ellakuria saria nork jasoko duen iragartzeko. Vandana Shiva Indiako ekintzaile ekofeministari aitortu dio, hain zuzen. Erreferentetzat jo dute jaurlaritzakoek, urte ugariz borrokatu baitu klima larrialdiaren aurka nekazaritza alternatibo eta iraunkor bat eraikitzeko. Datorren azaroaren 29an emango dio saria Iñigo Urkullu lehendakariak.

Jaurlaritzaren peko eLankidetza eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak banatzen du Ignacio Ellakuria saria, garaperenaren aldeko egitasmoek duten merezimendua aitortzeko. Epaimahaiak Shiva saritu du klima larrialdiaren aurkako «ahotsa» izateagatik, baita ingurumenarekin oreka bat lortzeko «alternatiba eskuragarriak, zientifikoki kontrastatuak eta eraginkorrak eskaintzeagatik».

Nekazarien eskubideen aldeko aldarrian, bereziki, emakumeenak izan ditu ardatz aktibista indiarrak. Garapenerako agentziaren arabera, Shivak «bizitza eman du besteena salbatzen, lurraren eta gizakiaren bizitza babestuko duen indarkeria gabeko nekazaritzaren bidez».

Bizkarrean dakartzanak

Aktibista ekofeministak aurten jaso du aitortza Jaurlaritzaren partetik, baina hamarkadetako ibilbidea du atzetik. Fisikaria eta teoria kuantikoan doktorea da. Nekazaritza industrialaren aurrean, bere ikerketa bideratu du alternatibak eraikitzeko eta herri indigenen eta tokiko komunitateen eskubideen alde borrokatzeko. 1984an, Navdanya Ikerketa Zientifiko, Teknologiko eta Ekologikorako Fundazioa sortu zuen. Horrek helburu du biodibertsitatearen eta hazien kontserbazioa eta nekazarien eskubideen babesa. Hala, 1987az geroztik, 134 hazi banku komunitario sortzen lagundu du, eta Indiako milioi bat nekazarien bizibideak babesten.

1988an ere, Staying Alive argitaratu zuen, Hegoalde Globaleko emakumeei buruzkoa. 1998an, Diverse Women for Diversity mugimendua sortu zuen. 10 milioi emakume baino gehiago barne hartzen ditu hark. Horien segurtasuna eta elikadura burujabetza ziurtatzea da mugimenduaren egitekoa. Egindako lanagatik, Right Livehood Award saria jaso zuen, Nobel Sari alternatibo gisa ere ezagutzen dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.