OSASUNA

SATSE sindikatuak «aldaketak» eskatu ditu Osasun Publikoaren Lege proiektuan

Sindikatuak kritikatu du lege egitasmoaren lehentasuna ez dela zerbitzu publikoak indartzea eta profesionalen eskasia konpontzea. Osaldek eta ESK-k ere «gabeziak» ikusi dizkiote proiektuari.

Amaia Mayor eta Marta Ferrero SATSE sindikatuko kideak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. SATSE
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 19a
13:41
Entzun

Osasun Publikoaren Lege proiektuari ekarpenak egiteko epea zabalik da Eusko Legebiltzarrean, eta, Osasun Batzordean agerraldiak egiten ari dira hainbat eragile, goizetik. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatua izan da horietako bat; Amaia Mayor bozeramaileak hitz egin du sindikatuaren izenean, eta mezu argia bidali du: «Pertsonen osasuna bizitzako etapa guztietan bermatu nahi bada, lege proiektuan aldaketak egin beharko dira osasuna sustatzeko, prebenitzeko eta zaintzeko». Mayorrek azpimarratu duenez, lege proiektua, bere horretan, ez dator bat osasun errealitatearekin, eta ez dio aurre egiten zerbitzu publikoak indartzeko premiari eta profesionalen eskasiari, besteak beste. Sistema publikoan aspaldi errotuak dauden arazoei nahiz jokaleku berriei erantzutera behartuta dago lege hori, Mayorrek ohartarazi duenez.

Sindikatuak lege proiektuari sumatu dizkion hainbat gabezia aletu ditu Mayorrek. Eskola osasuna da horietako bat. SATSEko arduradunak ohartarazi du lege egitasmoak ez duela ezartzen ikasleen benetako osasun hezkuntza ahalbidetuko duen mekanismorik; besteak beste, eskolako erizaina ezartzea. «Eskolako erizaina funtsezkoa da osasunerako hezkuntzan eta gaixotasunaren prebentzioan», azaldu du.

Horrez gain, arauak osasun mentala ez aipatzea deitoratu du. «Pandemiak areagotu egin du arazo hori herritar guztien artean, bereziki haurren eta nerabeen artean. Beraz, uste dugu gaiak entitate propioa izan behar duela lege honetan». Halaber, espetxe osasunari buruzko atal baten falta sumatu du sindikatuak lege proiektuan: «Prestazioen eta jardueren erregulazio espezifikoa ezarri behar da, presoen osasuna babesteko». Ekarpen horiekin batera, sindikatuak ezinbestekotzat jo du lege proiektuak berariaz jasotzea berdintasuna emakumeen osasun eskubiderako berme gisa eta zaintza osasun publikoaren zerbitzu gisa.

Osalde eta ESK ere, kritiko
Osalde Osasun Eskubidearen Aldeko Elkarteko buru Jose Maesok adierazi du COVID-19aren pandemiak agerian utzi zuela Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak «egitura ahula» duela. Gainera, kritikatu du izurriaren kudeaketan ez zituela kontuan hartu osasun langileak. «Osasun publikoa osatzen duten zientzien multzoak oso parte hartze eskasa izan zuen». Maesoren iritziz, gabezia horiei erantzuteko ondu du Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege proiektua, baina ez modu egokian, «gabezia» ugari dituelako. Besteak beste, azpimarratu du osasun publikoaren sistemaren definizioak «zehaztasuna» falta duela eta ez duela aipatzen nolakoa behar duen sistemari berari eusten dion egiturak. Ez hori bakarrik: «Legeak elikagaien segurtasuna, ingurumen arriskuak eta lan osasuna aipatzen ditu, baina ahaztu egiten ditu eskola osasuna eta adinekoen osasuna».

Osaldeko arduradunaren iritziz, Osasun Plana aurrera eramateko baliabide nahikorik ere ez du jasotzen lege egitasmoak, eta ateak zabalik uzten dizkio enpresa pribatuak azpikontratatzeari. Herritarrak osasunean «alfabetatzeko» neurririk ez jasotzea kritikatu du, halaber.

ESK sindikatuak ere bide berdintsuan egin dizkio kritikak lege proiektuari. «Paradigma aldatu behar dugu: Osasun Publikoko Legea baino gehiago, lege soziosanitario publikoa izan behar du», azaldu du Patxi Nicolau sindikatuko kideak. Haren ustez, legeak ez ditu aintzat hartzen osasuna baldintzatzen duten aldagai sozialak, eta «zehaztasuna falta zaio» osasunari eragiten dioten faktoreak identifikatzeko orduan. Gainera, salatu du ez duela aurreikusten botika enpresen boterea desagerrarazteko neurririk, eta osasun mentala ahaztu egin duela. Proiektuak lan osasunari lotuta jasotzen dituen neurriak «adarjotzea» direla salatu du, era berean: «Osasuna esku pribatuetan den bitartean, ezin da lan osasunaz hitz egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.