Italia

Mattarellak Meloni ultraeskuindarrari eskatu dio Italiako Gobernua osatzeko

Bi presidenteorde izango ditu Giorgia Meloniren gobernuak: Matteo Salvini Legako burua eta Berlusconiren alderdiko Antonio Tajani. Bihar egingo du Melonik gobernuburu karguaren zina.

Sergio Mattarella Italiako presidentea eta Giorgia Meloni gobernuburu berria, gaur arratsaldean, Quirinale jauregian. PAOLO GIANDOTTI / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 21a
12:48
Entzun

Sergio Mattarella Italiako presidenteak Italiako Gobernua osatzeko eskatu dio Giorgia Meloni FdI Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiaren buruari, gaur arratsaldean Erromako Kirinal jauregian egin duten bileran. Melonik eskaria onartu du, eta hura izango da Italiako Errepublikako Ministroen Kontseiluko presidente berria. Horrela, Meloni Italiaren historiako emakumezko lehen gobernuburua izango da, eta FdI, Matteo Salviniren Lega eta Silvio Berlusconiren FI Forza Italia alderdi ultraeskuindarrek osatuko dute Meloniren gobernua. Izan ere, eskuin muturreko hiru alderdi horiek osatutako aliantzak irabazi zituen Italiako Parlamenturako bozak irailaren 25ean, botoen %44 inguru bilduta. Bihar 10:00etan egingo du Melonik gobernuburu karguaren zina, Kirinal jauregian.

Ikusi gehiago: Ultraeskuindarrak buru dituen gobernu bat aldarrikatu du Melonik

FIk eta Legak gobernuan izango duten boterea orekatzeko, Meloniren gobernuak bi presidenteorde izango ditu: batetik, Berlusconiren alderdiko Antonio Tajani, Europako Parlamentuko presidente ohia, eta, bestetik, Matteo Salvini, Legako burua. Atzerri eta Azpiegitura ministro ere izango dira, hurrenez hurren. Legako Giancarlo Giorgetti izango da Ekonomia ministroa.

Oposizioko alderdiekin bildu ostean, gaur goizean elkartu da Mattarella Melonirekin, Salvinirekin eta Berlusconirekin. Eskuin muturreko aliantzako buruek Meloni proposatu diote Italiako gobernuburu izateko, FdIk eskuratu baitzituen boto gehien hauteskundeetan: %26ko babesa lortu zuen. Gaur arratsaldean Meloni eta Mattarella elkartu dira, eta orduan eskatu dio presidenteak ultraeskuindarrari gobernu berria osatzeko. Melonik ministroen zerrenda helarazi dio presidenteari, eta hark onartu egin du, nahiz eta beto eskubidea daukan.

Eskuin muturreko gobernu zatitua

Melonik, Salvinik eta Berlusconik gaur batasun irudia eman nahi izan badute ere, eskuin muturreko aliantzaren barruko zatiketa nabaria izan da hauteskundeak irabazi zituztenetik. Berlusconik Vladimir Putin Errusiako presidentea «lagun» duela adierazi izan du, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri leporatu izan dio Ukrainako gerraren erantzukizuna. Melonik, ordea, erantzun zion «harro» dagoela Italia EB Europako Batasuneko eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izateaz. Gainera, Italiako Parlamentuko bi ganberetako mahaien presidentetzak Meloniren eta Salviniren alderdiek eskuratu zituzten. Berlusconiren «haserrea» eragin zuen horrek.

Zentro-ezkerreko PD Alderdi Demokratikoa, M5S 5 Izar Mugimendua eta zenbait indar politiko txikik —besteak beste Matteo Renziren IV Italia Bizirik alderdiak— osatutako Hirugarren Poloa izango dira oposizioko alderdiak Italiako Parlamentuan. PDko idazkari Enrico Lettak atzo adierazi zuen «oposizio irmoa» egingo diotela eskuin muturrari, eta Giuseppe Conte M5Sren presidente eta lehen ministro ohiaren «desira» gobernu «europazale» bat izatea da. Bi alderdiek salatu dute eskuin muturreko aliantzak ez duela EBren eta NATOren aldeko «jarrera argi bat». Peppe de Cristofaro Hirugarren Poloko kideak nabarmendu zuen Melonik, Salvinik eta Berlusconik osatutako aliantzak parlamentuko eserlekuen %59 duela, baina botoen %43.

Irailaren 25eko hauteskundeetan abstentzioa inoizko handiena izan zen: %36koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.