Osakidetzak ez du hartuko haurren segurtasunerako protokoloa indartzeko neurririk, oraingoz

Basurtuko bahiketa aztertzeko bilera egin dute gaur Osakidetzako erditze osteko arretako eta segurtasuneko adituek, eta erabaki dute gertatutakoa hobeto aztertuko dutela indartze neurriak onartu ala ez erabaki aurretik.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudian. OSKAR_MATXIN_EDESA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 21a
13:44
Entzun

Osakidetzako erditze osteko arretako eta segurtasuneko adituek bilera egin dute gaur Basurtuko bahiketan gertatutakoa aztertzeko, eta han erabaki dute gertatutakoa hobeto aztertzea, indartze neurriak onartu ala ez erabaki aurretik. Aditu taldearen ustez, beharrezkoa da egoera «ikuspegi eta denbora gehiagorekin» aztertzea, errefortzu neurriak hartu baino lehen. Neurri berriak hartuz gero, horiek «humanizazioaren» eta «segurtasunaren» arteko «orekan» oinarrituta egon beharko dutela azaldu dute. Nolanahi ere, Basurtun gertatutakoa aztertu eta Osakidetzak berriro zabalduko du jaioberrientzako arreta protokoloa amatasun unitateetako profesional guztien artean, haren garrantziaz ohar daitezen.

Haur jaioberriaren bahiketa gertaera «larria» den arren, «ezohikoa» izan dela berretsi du gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, Euskadi Irratian. Adierazi du Osakidetzako profesionalak beti ahalegintzen direla haur jaioberriak dituzten gurasoei informazio guztia ematen, segurtasunari eta osasunari dagokionez. Osasun sailburuak argi utzi du erietxeak «osasun guneak »direla eta «oreka» bat lortu behar dela segurtasun neurrien eta bisitan doazenen artean.

Bestalde, haur jaioberriaren aitak hainbat elkarrizketa eskaini ditu azken orduetan, eta jakinarazi du ez berak ez bere bikotekideak, ez dutela Osakidetzaren inolako protokoloren berririk izan, ez behintzat euren semearen bahiketa gertatu aurretik.

Bitartean, atxilotutako emakumeak Deustuko polizian etxean jarraitzen du. Segurtasun Sailetik jakinarazi dute gaur ez dagoela aurreikusita atxilotua epailearen esku geratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.