VALLADOLID 1-0 REALA

Bolada eten zaie txuri-urdinei

Partida kaskarra jokatuta galdu du Realak Valladoliden. VAR-ak esanda, epaileak bi gol baliogabetu dizkio talde txuri-urdinari

Carlos Fernandez, etsita, aukera bat huts egin ondoren. R. GARCIA / EFE
jon eskudero
2022ko urriaren 22a
19:39
Entzun

Gaizki ohituta ziren Realeko jarraitzaileak aspaldian, eta gaur jaitsi behar izan dute olatutik. Azken zortzi partidetan garaipena erdietsi ondotik, errekorrak eta bestelakoak hausteko itxaropena bazuten txuri-urdinek, baina erarik txarrenean amaitu dute bolada ona. Izan ere, oso partida kaskarra jokatuta galdu dute Valladoliden (Espainia). Azken ordu laurdenean salbu, freskotasunik eta erritmorik gabe jokatu dute; hori gutxi ez, eta defentsan ere bigun aritu dira. Era horretan iritsi da etxekoen gola, Sergio Leonen eskutik. Oro har, azken partidetako jokorik ez du egin Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak. Epaileak ere ez dio gehiegi lagundu, zalantzaz jositako gol bat bertan behera utzi baitio Kubori.

Aurrez esana zuen Imanolek partida trabatua izango zela, eta bete-betean asmatu du. Aurreko jardunaldian Celtari 4-1 irabazi zion etxeko taldeak, eta jakina zen konfiantzaz izango zirela haren jokalariak. Hortaz, lehen minutuetan eustea gakoa zen txuri-urdinentzat. Ordea, ez da halakorik gertatu. Lehia hasi orduko falta ugari egon dira, nahiz eta epaileak erdiak adierazi ez. Horixe gertatu da Valladoliden lehen abisuan. Kontraeraso batean gola egin du, baina epaileak, VARak hala agindu diolako, bertan behera utzi du, aurrez Brais Mendezi egindako falta batengatik. Dena den, hurrengo minutuan iritsi da 1-0ekoa. Ezerezetik, gainera. Baloi luze bat aski izan du Sergio Leonek gola egiteko; Le Normand eta Remiro ez dira batere fin aritu.

Golaren ondoren behetik gora egin du Realak, eta pazientzia lagun, baloia ongi mugitzen hasi da batera eta bestera. Sakontasunik topatu ez arren, bazirudien jokoa kontrolpean zuela. Baina egoera horretan eroso sentitu dira etxekoak, kontraerasoan min egiteko aukerak sortu baitzituzte. Weismannek bere oinetan izan du bigarren gola, baina Remirok geldiketa aparta egin dio. Bien bitartean, beste arean gol aukerak sortu ezinda zebilen Reala, eta areaz kanpotik ahalegindu dira Kubo, Brais Mendez eta Merino. Ematen zuen atsedenaldira bere horretan helduko zirela bi taldeak, baina Kubok gola egin du. Alferrik, baina. Jokaldi berean aurrez egondako falta bat adierazi du epaileak, gola bertan behera utziz. Zalantzaz jositako erabakia izan da.

Bigarren zatiari begira, emaitza bera zen gauzarik onena txuri-urdinentzat, oraindik ere partidan sartuta baitziren. Silvaren tokian Robert Navarro zelairatu du entrenatzaile oriotarrak, baina jokoan aukerak sortu ezinda zebilen taldea. Horregatik, baloi geldian min egiten saiatu dira, eta 52. minutuan aukera ederra izan du Carlos Fernandezek. Ez du asmatu buruz baloia jotzen ere. Odolkiak ordainetan azkar ekarri ditu Valladolidek, ia korner batean bigarren gola egin baitu. Atepean kanpora bidali du baloia Feddalek.

Panorama ilunaren ondorioz, aldaketa gehiago egin ditu Imanolek, eta Illarramendirekin batera, bi gazte sartu ditu: Karrikaburu eta Pablo Marin. Batez ere, azken horren mugimenduekin minuturik onenak izan dituzte donostiarrek. Harrobiko gaztea ezin hobeto mugitu da etxekoen lerro artean, eta norgehiagoka gehiago ireki da. Atzean arriskuak hartu ditu Realak, baina beste erremediorik ez zuelako. Turrientes ere sartu da zelaian, eta jokoaren agintea hark hartuta, bestelako Reala ikusi ahal izan da amaierara arte. Gola ere egin du Zubimendik 84. minutuan, baina Karrikabururen jokoz kanpoko batengatik bertan behera geratu da. Hamar minutu on ez dira aski izan puntu bat lortzeko. Hortaz, gaurkoa ahaztu eta Europara begira jartzea tokatzen zaio orain Realari: datorren ostegunean jokatuko du Zipren, Omoniaren aurka.

«Halakoa da futbola: aurkaria baino gehiago asmatu beharra dago. Valladolid zoriondu besterik ez dago», esan du Imanol Alguacilek partida amaieran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.