ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

GuraSOSek eskatu du Zubietako erraustegia «berehala» ixteko

Azaldu du GHK ateratako oharrean onartzen duela erraustegian irregulartasunak daudela. Isurketak erraustegitik ez datozela konprobatu arte Zubietako planta ixteko eskatu die agintariei

GuraSOS, aste honetan Donostian egindako agerraldi batean. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko urriaren 22a
21:17
Entzun

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aste honetan ateratako komunikatuari buruz mintzatu da GuraSOS. Esan duenez, GHK-k baieztatu egin du Fiskaltzak leporatutakoa; besteak beste, likido arriskutsuak kanpora jariatzen dituen tutu bat eraiki dutela.

Hori eta beste irregulartasun batzuk salatu ditu elkarteak, eta agintariei eskatu die erraustegia «lur azpiko uretan agertu den dioxina kutsaduraren iturria ez dela» egiaztatu arte instalazioa «berehala» ixteko. Horrez gain, Zubietako planta irekita mantentzeko baldintza gisa jarri dute erraustegiak isurtzen dituen substantzia arriskutsuek marra gorri batzuk igarotzen dituztenerako sistema automatiko bat izan dezala.

Izan ere, Fiskaltzak dekretu baten bidez eskatu dio aste honetan epaitegiari iker dezala Zubietako erraustegiaren funtzionamendua ikuskatu duen funtzionarioaren lana. BERRIAk irailaren 17an argitaratu zuen informazio bat hartu du fiskaltzak ikerketa abiatzeko arrazoi gisa. Hain zuzen ere, erraustegian lanean aritutako behargin batek hainbat agiri eta irudi utzi zituen euskarazko kazetaren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko drainatze tutuak eraiki zituztela, baimenik gabe, lehen suzko probak hasi ostean. Erraustegiaren inguruan atzeman duten kutsadura horiek eragin duten edo ez ikertzeko baliagarria izan daiteke urrats hori.

GHKren oharra

GHK Fiskaltzak leporatutakoa gezurtatzen ari dela salatu du GuraSOSek. Izan ere, kudeatzaileak esan du Zubietako erraustegiak «zehatz-mehatz» betetzen dituela «ingurumen baldintza guztiak». Hain zuzen, adierazi du kondentsazio hodi bat dela BERRIA-k argitaratutako irudietan ikusten dena: «Kondentsazio hodiak ez du zerikusirik hondoko drainaren isuriarekin; izan ere, kondentsatuak biltzeko drainatze hodi bat da, eta barneko zirkuitu itxi batean deskargatzen du, kanpoko irteerarik gabe, instalazioan bertan berrerabiltzeko. Drainatze horiek beharrezkoak dira horrelako instalazioetan».

Gaineratu du erraustegiak betetzen dituela Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintzak, «Europako beste instalazio askotan baino zorrotzagoak» izan arren, eta, gainera, laberako elikadura «automatikoki» eteten duen sistema erabiltzen duela. Zehazki, GuraSOSek salatu duena da gehiegizko isuriak daudenean ez dagoela erretzea automatikoki geratzen duen sistemarik, eta hori zehazki ez du aipatu GHK-k oharrean. Izan ere, erraustegiak badu errekuntza automatikoki geratzeko sistema bat, baina soilik tenperaturari lotua.

GuraSOSen erantzuna

GHK-k egindako adierazpenen ondoren, GuraSOSek adierazi du komunikatu horrek berak «baieztatu» egiten duela Fiskaltzak kudeatzaileari leporatutakoa. Izan ere, adierazi du bertan GHK-k onartu egiten duela tutu hori badagoela: «Argi eta garbi onartzen du gaur egun drainatze hodi bat dagoela gasak arazteko hodian, eta ez du ukatzen tutu hori klandestinoa ez denik». Ingurumen legeak likido arriskutsuak beste likidoekin nahastea espresuki debekatzen duela ere gogorarazi dute. Gaineratu dute kudeatzaileak onartu dutela analizatzen ez diren isuriak dituztela, eta isuri horiek kanpora isurtzen dituztela.

Bestalde, GuraSOSek dio labeak ez dituela «kontratuko baldintzak» betetzen. Izan ere, adierazi dute erraustegiaren proiektuak ez zuela aurreikusten eremu horretan kondentsazioaren ondoriozko likidoak sortzerik, eta, horrez gain, espresuki debekatzen zuela arazo hori konpontzeko beste hodi bat eraikitzea: «[GHKren] oharrean ematen du gas hodian likidoak egotea normala dela, eta ez da horrela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.