Udal eta foru hauteskundeak

Urtaran: «Niretzat, ohorea da alkate izatea, baina ulertzen dut albo batera egiteko garaia ere iristea»

Gasteizko alkateak lehen aldiz iradoki du ez dela berriro hautagaia izango. Araba Buru Batzarreko zuzendaritza gaur arratsaldean bilduko da, udal eta foru hauteskundetako hautagaiez eztabaidatzeko.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko urriaren 25a
13:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du argitu EAJko alkategai izango ote den berriro 2023ko udal hauteskundeetan, baina lehen aldiz iradoki du ez dela aurkeztuko. ETBko Egun on, Euskadi saioan egindako elkarrizketan esan duenez, «ohorea eta pribilegioa» da Gasteizko alkatea izatea, baina ulertzen du «albo batera egiteko garaia ere iristea». Gaineratu du hautagaia izango ote den erabakitzea ez dagoela bere esku, alderdiaren esku baizik.

«Ni iritsi nintzen garai batean non alderdiak erabaki baitzuen nire parte hartzea beharrezkoa zela udal politikan, eta urrats hori egin nuen garai latz batean. Bost zinegotzirekin hasi ginen gobernatzen, eta zailena pasatu dudala uste dut», azaldu du. Erantsi duenez, ez du asmorik aulkian gozo geratzeko: «Ez nintzen bultzaka iritsi udalera, eta ez naiz aulkiari helduta joango. Badakit eguna iritsiko dela, eta iristen denean, gauza onak hartuko ditut, eta saiatuko naiz txarrak saihesten».

EAJren Araba Buru Batzarra gaur arratsaldean bilduko da, eta mahai gainean izango du gaia. Aste honetan bertan espero da Gasteizko Udalerako eta Arabako hautagaien izenak ezagutaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.