Eduki babestua

Ager topaketak, euskaltzaleen elkargunea

Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskaldunak eta euskaltzaleak elkartuko dira Ager topaketetan Azkoienen, azaroaren 5ean.

Errigoraren udazkeneko kanpainaren aurkezpena Ablitasen (Nafarroa), urriaren 22an. ERRIGORA
2022ko urriaren 26a
13:23
Entzun

Ager topaketen helburua da Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskaldunak eta euskaltzaleak batzea, eremu horretan euskarak dituen erronken aurrean lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko, esperientziak trukatzeko eta helburuez mintzatzeko. Ager topaketak azaroaren 5ean izango dira Azkoienen (Nafarroa).

Agerraldia mugimendua da antolatzailea. Nafarroako erdialde eta hegoalde zabalean, erromatarrek Ager vasconum deitu zuten eremuan, alegia, euskarari hauspo berria eman nahi dion mugimendua da Agerraldia. Horretarako, ekitaldiak eta jarduerak antolatzen ditu, euskararen ezagutza bultzatzeko, euskararen erabilera sustatzeko, euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko eta, bidenabar, eremu horretan euskararen alde ari direnak saretzeko eta indarrak batzeko.

Errigoraren eskutik jaio da Agerraldia, baina izaera propioa du, bertatik bertarako mugimendua baita. Agerreko euskaltzaleen mugimendua izan nahi du, baina inor ordezkatzeko asmorik izan gabe, ezta beste inori dagokion lekua hartzeko xederik ere. «Agerreko euskararen aldeko indarrak batu eta biderkatzea da gure nahia; orain arteko euskalgintzaren ahaleginak sendotu eta ahalegin berriei bide egin nahi diegu».

Agerreko euskaldun eta euskaltzaleak bat egiteko garaia dela uste dute. «Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Izan ere, gure eremu zabalean euskarak dituen erronka erraldoiei eusteko ezinbestekoa izanen zaigu euskalgintzaren lehentasunak adostea eta norabidea bateratzea».

Azkoienen burutuko diren Ager topaketak baliagarriak izango dira horretarako. «Galderak mahai gainera ekarri eta erantzunak topatzen hasteko lehen saiakera izatea nahi genuke. Esperientziak trukatzeko eta helburu konpartituez eztabaidatzeko giroa sortu nahi dugu, iraganetik ikasteko eta etorkizuna elkarrekin asmatzeko. Argi dugu bertatik zehaztu behar direla Agerrean euskarak dituen erronkak, eta erantzunak ere Agertzaileen eskutik etorri behar direla. Geuk ezagutzen ditugu gure beharrak, gaitasunak eta aukerak, eta geuk erabaki behar dugu horiekin zer egin».

Beraz, Azkoienen Agerreko euskaldunak eta euskaltzaleak elkartzea da asmoa. «Tokian toki euskararen alde ari garenak zein aritzeko prest gaudenak. Guztiok batu eta elkar ezagutzea dugu asmo, elkarrekin pentsatzeko eta elkarrekin gozatzeko».

Ager topaketetan parte hartu nahi duenak agerraldia.eus webgunean eman dezake izena. Egitaraua ere, webgune horretan ikus daiteke.

Errigoraren udazkeneko kanpaina

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abiatu du Errigorak. Azaroaren 10era luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi horretan Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Euskal herritarrek ere bat egitea beharrezkoa dela gogorarazi du Errigorak, eskualdean AEK-k eta ikastolek euskaldunak sortzen jarrai dezaten, eta Sortzen elkarteak sare publikoan D eredua indartzeko lan egin dezan, baita Agerraldia egitasmoak Agerrean euskararentzako aro berri bat ireki dezan ere.

Bat egiteko garaia da da kanpainaren aurtengo leloa. Izan ere, Errigorako kideek azaldu dutenez, «bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan, zonifikazioa gainditu eta herritar guztiek eskubide berberak izan ditzaten». Era berean, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko garaia dela diote, gogoratuz, Agerreko lurretan orain mende gutxira arte euskaraz hitz egin dela eta orain hamarkada gutxira arte tradizio euskaltzale handia mantendu dela.

Era berean, Agerreko euskaltzaleek bat egiteko garaia ere badela azpimarratu dute: «Indarrak batzeko egin behar dugu bat; eremu zabal horretan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko». Halaber, Euskal herritarrek eta eragileek, orokorrean, Nafarroarekin bat egiteko garaia ere badeela diote, «zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik».

Horrela, Errigoraren udazkeneko kanpainak eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, «baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere».

Aipagarria da 2013tik Nafarroako hegoaldean eta erdialdean eginiko lana: «Euskaldunak sortzeko, herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera 1.600.000 euro baino gehiago bideratu ditugu, milaka lagunen elkartasunari esker. Eta, aldi berean, diru ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausoak emateko baliatu dugu».

Diru-ekarpen hori ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzen elkartearen kanpainak laguntzeko.

Euskal Herri osora zabaldu nahi dute kanpainarekin bat egiteko deia. Azaroan eskuz esku banatuko dituzten milaka kutxa horiek osatzeko inoiz baino auzolangile gehiago elkartu dira, eta hurrengo asteetan ehunka herri eta auzotan ariko dira are eta auzolangile gehiago saski eskariak jasotzen.

Azaroaren 10a baino lehen izango da saskiak eskatzeko aukera (beltza, berdea eta zuria). Online eskatu beharko dira, www.errigora.eus webgunearen bidez, eta nahi adina saski aukeratu, eta, nork bere datuak jarri ostean, saskiak jasotzeko tokia aukeratu behar da. Toki bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere egunak eta orduak izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.