Ikasle mugimendua

IAk mobilizazioak egin ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala defendatzeko egin dituzte mobilizazioak, EAEko Hezkuntza Legeak segregazioan sakontzen duelako.

Bilboko manifestazioa. BERRIA
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 27a
12:28
Entzun

Ikasle Abertzaleek Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean antolatu dituzte gaur goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin diren mobilizazioak. Aste honetan mobilizaziorako prestatzen egon direla iragarri du antolakundeak bere sare sozialen bidez. Hala, gaur goizetik, Iruñerriko zenbait ikastetxetan pankartak jarri eta elkarretaratzeak egin dituzte.

Mobilizazioak 11:30ean hasi dira Gasteiz eta Donostian; Bilbo eta Iruñean, berriz, ordu erdi beranduago. Bilboko Plaza Eliptikoan egin dute bat Errekaldeko eta Deustuko blokeko ikasleek, eta Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean abiatu dute manifestazioa. Unamuno ikastetxearen paretik pasatu dira ikasleak; aurrekoan salatu zuten grebarako eskubidea urratu zietela. Manifestazioa amaitu ondoren, adierazpenak egin dituzte, hezkuntza «doakoa eta kalitatezkoa» nahi dutela aldarrikatuz: «Hezkuntzaren norabidea eliteen eskuetan dago, proletarioak hezkuntza sistematik kanporatzeraino. Antolatzeko garaia da».

Doako hezkuntza defendatzeko

EAEko Hezkuntza Legearen eta erreformen kontra eta langile klasearen interesen alde antolatzeko deia egin zuten ikasleek mobilizazioak antolatzerakoan, doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala defendatzeko. Izan ere, haien arabera, «modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza» da legea.

Adierazi zuten Hezkuntza Legeak segregazioan sakontzen duela. «Langile klaseko ikasleak baztertu eta hezkuntza elitizatzeari egiten dio erreferentzia», gehitu zuten. Azpimarratu zuten EAE dela Espainiako segregazio tasarik handiena duen eremua, legea «norabide horretan sakontzeko asmoz» datorrela, eta «ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekitzen» dizkiela. Hortaz, diotenez, beharrezkoa da «doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren eraikuntzan aurrerapausoak egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.