OMONIA 0-2 REALA

Txuri-urdinek eskura dute multzoko lehen postua

Realak bosgarren garaipena lortu du Europa ligako multzoen fasean, eta lider iritsiko da azken partidara: Manchester Uniteden aurka, Anoetan. 

Realeko jokalariak Robert Navarro zoriontzen, hark lehen gola sartu eta gero. EFE
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 27a
23:17
Entzun

Betor Manchester United. Realak mendean hartu du gaur Omonia Nikosia Zipren, Europa ligan, eta txapelketa horretan jokoan izandako puntu guztiak zakuratuta ailegatuko da ligaxkako azkeneko jardunaldira. Donostiarrek irabazi egin dituzte orain artean jokatutako neurketa denak, eta, norgehiagoka bakarraren faltan, eskura dute lehen postua erdiestea. Ingelesek txuri-urdinen aurka soilik galdu dute, baina hori izan daiteke gako. Ez alferrik, Realari ez irabazteak ere balio baitio lidergoan amaitzeko. Are gehiago: gol bakarrarengatik galtzen badu, lehena izango da.

Imanol Alguacilen taldeak Zipren egin du horretarako urratsa, eroso gailenduta. Teknikari oriotarrak sei aldaketa egin ditu azken partidarekin alderatuta; haietako zenbait, taldea erasan duen birusaren eraginez. Guztira, zazpi lagun izan dira ondoezik. Ordea, txuri-urdinek garaiz hartu dute neurketaren neurria. Omoniaren aldean multzo ona edukitzearen abantaila izan da. Donostiarrek kontrolpean eduki dute jokoa, lehendabiziko zatitik hasita, baina kosta egin zaie baloi jabetza erasoan islatzea.

Realak sarri harilkatu ditu jokaldiak, baina gutxitan egin du Francis Uzoho atezaina estutzeko adinako lana. Robert Navarro izan da saiatuenetako bat; katalanak gerora jaso du saria. Aurrez, 20. minutuan egin du estreinako saialdia. Zipretarren atzeko lerroak huts egin du baloia aldentzeko orduan, eta Jon Karrikaburuk lortu du nagusitzea —Elizondokoa hasieratik aritu da—. Nafarrak bizi jokatu du Navarrorekin, baina atezainaren aurrean kanpora bota du baloia. Azken metroetako biguntasuna izan da donostiarren lasta.

Partidak gidoi bera segitu du hurrengo minutuetan: txuri-urdinak nagusi, baina norgehiagoka hautsi gabe. Esaterako, Diego Ricok abagune bikaina izan du 35. minutuan; Aritz Elustondok emandako pasea jaso du, baina jaurtiketak ez du aterako biderik aurkitu. Elustondo bizi aritu da taldekideei laguntzeko garaian. Navarrori beste pase bat egin dio 40. minutuan, eta, bi minutu geroago, Karrikaburuk izan du taldea aurreratzeko aukera.

Harik eta atsedenaldiaren atarian gola sartu duten arte. Asier Illarramendik ezker hegaletik egindako erdiraketa on bat buruz errematatu du Navarrok, eta baloia sareetara joan da: 0-1, eta lanik zailena eginda. Jokaldi horrekin amaitu da lehen zatia.

Bigarrenean ere, antzeko Omoniak aukera bakarra zuen atsedenalditik bueltan: hustu ala ito. Nikosiako taldea saiatu da bigarren zatiko lehen minutuetan, eta Realaren atera gerturatu da zenbait alditan. Ordea, Reala izan da aldea handitu duen taldea; gipuzkoarrek area barruraino egin dute Navarroren bidez, eta hark atzera emandako pasea probestu du Brais Mendezek. Galiziarrak jaurtiketa indartsu baten bidez sartu du bigarren gola. 60. minutuan zen. Hortik aurrera, Realak izan du jokoaren nagusitza, baina Omoniak pare bat saialdi egin ditu neurketaren hondarrean. Penaltia ere eskatu dute Zipreko jokalariek, baina alferrik: Imanolen jokalariek garaipena ondo lotua zuten ordurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.