Athletic 1-0 Vila-Real

Athleticek Vila-Reali irabazi dio Iñaki Williamsen gol bati esker

Neurketa ona jokatu dute zuri-gorriek, eta bigarren zatian kontrolpean izan dute Vila-Real. Sailkapen nagusian 21 puntu dituzte, eta, behin-behinean, bosgarren postuan dira.

Iñaki Williams gaur sartu duen gola ospatzen, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 30a
20:47
Entzun

Lau partidaren ostean, lortu du berriz ere garaipen bat Athleticek. Eta ez nolanahikoa, gainera. Zuri-gorriek aurkari sendoa zuten parean, Vila-Real, baina itxura bikaina emanda hartu dute mendean (1-0). Iñaki Williamsek sartu du bizkaitarren gola 59. minutuan.

Lehen zatian Herrialde Katalanetako taldeak izan du jokoaren kontrola, hasieran bederen. Quique Setien prestatzailearen lehen partida zen gaurkoa, Unai Emery hondarribiarrak Vila-Realen aulkia utzia baitu asteon, Aston Villara joateko. Horrek bultzatuta edo, indartsu zelairatu da urpekari horia.

Lehen zatiaren amaiera aldera, ordea, Athletic Vila-Realen areara gerturatzen hasi da; ildo beretik hasi da bigarren zatia ere. Athleticek hainbat baloi berreskuratu ditu aurkariaren zelaian, eta horri esker izan du aukerarik. Horrelako batean iritsi da golaren jokaldia. Raul Garciak Williamsi pasatu dio, eta hark asmatu du Rulliren aurrean.

Hortik amaierara arte, apenas sortu duen aukerarik Vila-Realek. Athleticek bai, baina erasoko gizonak ez dira fin ibili azken metroetan. Nagusi izan dira zuri-gorriak, baina asko barkatu dute.

Gauzak horrela, 21 puntu ditu Atheticek, eta bosgarren postuan dago sailkapen nagusian, behin.behinean.

Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 29. min), Yeray, Iñigo, Yuri; Vesga, Sancet, Raul Garcia (Vencedor, 69. min), Berenguer (Morcillo, 82. min), Nico Williams; eta Iñaki Williams (Guruzeta, 82. min).

Vila-Real: Rulli; Femenia (Cuenca, 86. min), Mandi, Pau Torres, Alberto Moreno; Parejo (Del Moral, 86. min), Lo Celso (Trigueros, 25. min), Coquelin; Chukwueze (Pino, 64. min), Morales (Jackson, 64. min) eta Danjuma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.