Zinema

'Irati' filmaren barrukoak erakusten hasi da Ramon Agirre aktorea BERRIAn

Film epiko eta fantastikoan lan egin du antzezleak, eta horretan gertaturiko pasadizoen eta bere burutazioen berri emango du, gaurtik aurrera, egunez egun argitaratuko den blog batean

Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 2a
12:53
Entzun

Ramon Agirre aktoreak lan egin du Paul Urkijok zuzenduriko Irati filmean, eta grabaketan gertaturiko pasadizoak kontatuko ditu, gaurtik aurrera, BERRIAn, horretarako propio sorturiko Gure Zerak blogean.

Grabazioan kaier bat aldamenean eduki du beti aktoreak, eta horretan idazten joan da gertaturikoak, edo bere buruan ibilitako hausnarketak.

Joan zen astean aurkeztu zuten filma Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean. VIII. mendean eta nafar Pirinioetan gertatzen da istorioa, eta euskal mitologiako pertsonaiak dira protagonistetako batzuk, pertsonaia historikoekin nahastuta. Borroka eszena ugari ditu filmak, eta horrek grabatzerakoan gertaturiko ezusteak eta bestelakoak kontatuko ditu Agirrek, besteak beste.

Apaizarena egiten du Agirrek filmean, eta latinezko esaldiak euskarazkoekin tartekatzen ditu. Urkijoren Errementari filmean Luziferrena egin zuen aktoreak.

Filma urriaren 9an estreinatu Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian, Sitgesen, eta bi sari handi jaso zituen: ikusleen saria eta efektu berezirik onenen saria.

Lehen ere, kaieren bidez kontatu izan ditu Agirrek bere lanean eginikoak eta hausnarturiko. Iazko martxoan, esaterako, La casa de papel telesaileko bosgarren sasoia grabatzen bizitakoen berri eman zuen, orduan ere BERRIAn. Benjamin pertsonaia jokatu zuen Agirrek.

«Idaztea ariketa polita da, eta nire buruan ordena pixka bat egiten laguntzen dit. Gehiagotan egin beharko nuke», esan zuen orduan. Aktore izateaz gain, aritu izan da idazle gisa, batez ere antzerkirako.

Orduko hartan, aktore euskaldunen batetik bestera eginiko lan erromesaldien berri eman zuen, Donostiatik Madrilera eta atzera. «Burutazio eta bihoztazioak» idatzi zituen orduan, esan zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.