Albistea entzun

Kirolaren Legea

3.000 eta 30.000 euro arteko zigorra Espainiako selekzioarekin lehiatzeari uko egiteagatik

Lege berriak zabalik uzten du klubak edo taldeak zigortzeko aukera, horiek ez badituzte beren jokalariak selekzioen esanetara uzten. 1990eko legeak ez zuen halakorik jasotzen.

3.000 eta 30.000 euro arteko zigorra Espainiako selekzioarekin lehiatzeari uko egiteagatik
3.000 eta 30.000 euro arteko zigorra Espainiako selekzioarekin lehiatzeari uko egiteagatik Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2022ko azaroak 3

Espainiako Kongresuak gaur bozkatu du Kirolaren Legea, aurreko astean batzordean eztabaidatu ostean. EAJk bultzatutako zuzenketa batek bide ematen die euskal surf eta pilota selekzioei nazioartean lehiatzeko. Baina legeak beste hainbat gauza arautzen ditu. Besteak beste, zehazten du zer zigor jarriko zaien kirolariei, Espainiako selekziora joateari uko egiteagatik. 98. artikuluan zehazten da «arau hauste larritzat» joko dela, besteak beste, «arrazoirik gabe selekzio nazionalen deialdiei uko egiteari». Gainera, zabalik uzten du klubak edo taldeak zigortzeko aukera, horiek ez badituzte beren jokalariak selekzioen esanetara uzten. 1990eko Kirolaren Legean ez zen zigorrik jasotzen klubentzat.
1990eko Kirolaren Legean ere jasotzen ziren zigorrak, baina ez zenbatekoak izango ziren. Oraingoan bai. Arau hauste larrientzako 3.000 eta 30.000 euro arteko zigorrak jasotzen dira. Beste hainbat zigor jasotzen dira kirolari horientzat: kirol guneetara sartzeko debekua eta lizentzia federatiboa kentzea. Lehenbizikoa gehienez bost urtekoa izango da, eta bestea bi eta bost urte artekoa.

Aurreko astean jada EH Bilduk iragarri zuen ez zuela gustuko legea, eta, ezusterik ezean, gaurko bozketan abstenitu egingo da. «Ez dugu babestuko zigor larri baten mehatxupean Espainiako selekzioarekin jokatzeko derrigortasuna ezartzen duen lege bat. Selekzio batean parte hartzea kirolarien eskubideen parte da, eta ez betebehar bat», adierazi du Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileak. Aizpuruak erantsi zuen euskal selekzioaren ofizialtasunaren eskaria «transbertsala eta aspaldikoa» dela. «Euskal gizartean tinko dirau». «Giltzarrapoak kendu zituen lege bat espero genuen, eta ez da hala».

Joseba Agirretxea EAJko bozeramaileak surf eta pilota selekzioek nazioartean lehiatzeko aukerari eman dio garrantzia. «Dagokizun eskubidea da. Normaltasun baten barruan onartu behar den zerbait da, are gehiago zeure burua demokratatzat hartzen baduzu. Hau ez da azken urratsa izango, ez gara horrekin konformatzen». Agirretxerentzat «penagarria» da herrialde batek bere kirolariak behartu behar izatea bere selekzioarekin lehiatzera.

EAJren eta Junts Per Catalunyaren arteko eztabaida

Kirolaren Legearen onarpenak eztabaida eragin du EAJren eta Junts Per Catalunyaren artea. JXCk jeltzaleei egotzi die Kataluniako independentistek jarritako zuzenketa eztabaidatzea galarazi izana. Horri komunikatu batekin erantzun dio EAJ: «EAJk ez du eragozpenik planteatzen, ez betorik jartzen ere, eta ez du ezer saihesten: izan ere, ezin da eragotzi, ez saihestu, gertatuko ez den zerbait». Izan ere, JxCko diputatu Pilar Calvok «Kataluniako independentismoaren ametsari betoa» jarri izana egotzi die jeltzaleei, JxCk eta ERCk Kirolaren Legeari jarritako zuzenketa eztabaidatzearen aurka egiteagatik.

Calvok Kongresuko eztabaidan adierazi du EAJren jarrera «tristea» dela, eta kritikatu du lege berriak ukatu egiten diela nazioarteko federazioetako «eskubide osoko» kide izatea Kataluniari, Euskal Herriari eta Galiziari. Hala, azaldu du independentistek aurkeztutako zuzenketak helburu zuela «nazioarteko kirolean existitzeko eskubidea» bermatzea.

EAJk PSOErekin adostutako zuzenketaren inguruan, Calvok adierazi du «ona» dela, eta «lehen urratsa» dela. Era berean, ordea, «diskriminatzailea eta anbiguoa» dela ere esan du. Izan ere, salatu du mugak ezartzen dizkiola parte hartze horri. «Zer da sustrai historikoak izatea?», galdetu du, eta gehitu, esaterako, Athletic, Bartzelona eta Espanyol futbol taldeak Real Madril baino zaharragoak direla.

EAJren arabera, ordea, JxCren proposamenak ez zuen aukerarik aurrera ateratzeko, eta «arriskuan» jar zezakeen jeltzaleek eta PSOEk adostutakoa. Hala, JxCri egotzi diote «akordio historiko» haren kontra egitea. «[JxCren proposamenak] EAJk eta PSOEk lortutako akordio historikoa baliogabetzen zuen», azaldu dute. Oharrean, EAJk gehitu du alderdi hark «betidanik» defendatu dituela euskal selekzioek eta Kataluniakoek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.