REALA 0-1 MANCHESTER UNITED

Reala, final-zortzirenetara

Galdu egin du Manchester Uniteden aurka Anoetan, baina, ingelesek gol bakar baten aldeaz irabazi dutenez, txuri-urdinak sailkatu dira Europa ligako final-zortzirenetarako

Realeko jokalariak, sailkapena ospatzen, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 3a
21:01
Entzun

Realak Europa ligako final-zortzirenak jokatuko ditu. Txuri-urdinek galdu egin dute gaur, Manchester Uniteden aurka, baina lehen postuan amaitu dute ligaxka. Zapore oneko porrota izan da, baina sari handia jaso du. Seitik bost partida irabazita, ezin izan du ligaxka biribildu, baina normala da: Manchester United, Manchester United da beti.

Europako txapelketen xarma erabatekoa izan du Anoetako partidak. Estadioaren aldiriak bi taldeetako zalez bete dira neurketa hasi baino dezentez lehenago, eta batzuen eta besteen oihuak ozen entzun dira kanpoaldean. Agian, bisitariei gehiago nabaritu zaie egun osoko jarduna, eta nabarmenago agertu dira. Ordea, etxeko zaleena izan da barrualdeko agintea. Txuri-urdinen aldeko aldarriek eta Huntza musika taldearen abestiek hauspotu dute harmailetako jendetza. Norgehiagoka garrantzitsua zen, eta realzaleek horren adinako erantzuna eman dute. Guztira, 36.744 zale batu dira Anoetara: sasoiko gehien izateaz gain, Europako partida batean sekula egondako kopuru handiena da.

Taldeak ere ondo ekin dio lehiari. Realak partida irabazteko xedea erakutsi du neurketa hasi orduko. Hain justu, Donostiako taldea izan da erasoan estreinatu dena, bigarren minutuan, Carlos Fernandezen bidez. Manchesterrek ez du aparteko lanik egin lehendabiziko minutuetan. Baina, minutuek aurrera egin ahala, gero eta erosoago kokatu da zelaian, eta gola sartu du lehendabiziko aukeretako bat eduki orduko. Gutxi iritsi zen ordura artean; De Gea atezainak luze jo du, Cristiano Ronaldoren bila, eta portugaldarrak bakar-bakarrik jaso du baloia. Hark Garnachorekin jokatu, eta aurrelariak bikain errematatu du ezkerrez. Hasi eta gutxira, maldan gora zuen partida Realak, 17. minutuan.

Behin gola sartua, Manchesterrek patxada ezarri du. Deabru gorriek bazekiten, jakin, Realak lerro artean jokatu ohi duela; beraz, atzeko sendotasunari garrantzia eman diote. Joko zuen erasora aukera zuenean; hala, 26. minutuan izan du bigarrena egiteko aukera, Bruno Fernandesen eta Alejandro Garnachoren artean ondutako abagune batean. Donostiarrek atzean bigun jokatu dute behin baino gehiagotan, eta Manchesterren ekinaldiek baino arrisku gehiago sortu dute huts horiek. Hori oso agerian geratu da atsedenaldiaren atarian. Jon Pachecok akats handia egin zuen baloia urruntzean, eta Cristiano Ronaldori eskura utzi dio bigarren gola sartzeko aukera. Baina kale egin du. Bestela, izugarri makurtuko zen egoera. Atsedenaldiaren atarian jazo da hori, 41. minutuan. Realak estu hartu ditu ingelesak hurrengo jokaldian. Carlos Fernandezek gertu izan du banako berdinketa, baina haren eta Pablo Marinen saialdiak De Geak geratu zituen. Bigarren aldian, buruz geratu du.

Aukera batzuk, eta sufritu

Nahiz eta atsedenaldira galtzen joan, orduko emaitza balekoa zen final-zortzirenetara zuzenean sailkatzeko. Horrek suspertuta edo, Reala bizi zelairatu da bigarren zatian. Bizpahiru gol aukera izan ditu jokora itzuli orduko. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, bi taldeek kudeaketan jarri dute indargunea. Presari aterik zabaldu gabe aritu dira bai Reala, baita Manchester ere, akats txikiena garesti ordain zezaketen jakitun. Imanolek giharraren aldeko apustua egin du, Aritz Elustondo eta Ander Gebara zelairatuta. Azken ordu laurdenean biziagotu egin da jokoa. Realak imintzioren bat egin arren, Manchester Unitedek izugarri estutu du. Sufritu egin du Realak, baina eutsi egin dio, eta jaia lehertu da partidaren amaieran. Izan ere, sari handia jaso dute txuri-urdinek.

Pozarren mintzatu da Imanol partidaren amaieran: «Porrotik gozoena da. Irabaztera joan gara, baina hamar minuturen faltan emaitzari eustea hobetsi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.