Gaztealdia

Euskarak, hitzak bezainbeste, ekintzak behar dituela aldarrikatuko du Gaztealdiak

Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren «egiturazko baldintzak» azaleratzeko.

Gazte Euskaltzaleen Sarearen aurkezpena, apirilean, Tolosan (Gipuzkoa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 4a
11:44
Entzun

Gazte Euskaltzaleen Sareak buelta eman dio aurtengo Euskaraldiaren leloari: Hitzez ekiteko garaia izenpean egingo dute ariketa kolektiboa azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta, haren atarian, Gaztealdia egingo du sareak, Ekintzez hitz egiteko garaia da lelopean. Izan ere, euskararen aldeko hautua egitea oztopatzen duten faktoreak «egiturazkoak» direla nabarmendu du sareak: «Hamaika oztopo bizi ditugu euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun gazteok, eta dena ezin da norbanakoaren motxilaren gain utzi. Horregatik diogu, Euskaraldiak proposatzen duen ariketa babestu eta parte hartzeko deia egiteaz gain, Ekintzez hitz egiteko garaia ere badela. Ekintzez ari garenean, egiturazko baldintza egokiak sortzeaz ari gara, gazteok etengabeko estres linguistikoan bizi behar ez gaitezen; hau da, gaur-gaurkoz horrela bada ere, etorkizunean egunerokoan euskaraz bizitzea ahalegin bat suposatuko ez duen hautu politiko kontziente bat izan behar ez dadin».

Sareko kideek beren egin dute Euskaraldiaren leloa: «Ados gaude, eta uste dugu gazteoi ere badagokigula hitzaren ekinez euskararen alde egitea». Horrekin ez dela aski ohartarazi dute, hala ere, eta egoera askotan «norbanako moduan» ez dagoela euskaraz bizitzeko aukerarik. Eta euskaraz bizi ahal izatea da, hain justu, sareko kideek aldarrikatzen dutena. Aldarrikapen hori, «belaunaldi bezala, ahots propioz» egin nahi dute, eta horretarako baliatuko dute Gaztealdia. Gazteen artean «euskaraz bizitzeko hautua bultzatu» nahi dute, batetik, eta hori oztopatzen duten «faktore estrukturalak azalarazi eta eraldatu», bestetik. Azaroaren 14tik 18ra bitartean egingo dute egitasmoa.

Duela bi urteko Euskaraldiaren bueltan egin zuten lehenengoz. Orduan, bederatzi gaztek zortzi egunez euskaraz bizitzeko hautua egin zuten, eta euren esperientzien berri eman zuten sareetan. Aurtengoak ere izango du horretatik: lau egunez hautu hori egiten duten gazteek beraien testigantzak emango dituzte sareetan, Gazte Euskaltzaleen Sarearen kontua aipatuz eta #EuskarazBizikoGara traola erabilita. Halaber, egitasmoa kalera ere eramango dute. «Hainbat ekintza, agiprop eta eztanda izango dira, euskararen aldeko jarrera bultzatu, eta euskaraz bizitzea oztopatzen diguten baldintzetan azpimarra jartzeko. Horretarako, edonorentzat ekintzailetza bultzatzeko bitarteko batzuk eskainiko ditugu, edozein gaztek, gazte taldek, zein gazte mugimenduk Gaztealdira batu nahi badu eskuragarri izan ditzan», aurreratu dute gazte euskaltzaleek.

Horrez gain, hainbat herri, gaztetxe eta unibertsitatetan aurkezpenak egingo dituzte. Hasiak dira horretan jada. Iruñean eta Lazkaon eman dute egitasmoaren berri, eta datozen egunetan Gasteizen, Bilbon eta Algortan izango dira, besteak beste.

«Energia», faltan

Larritzat du Gazte Euskaltzaleen Sareak euskararen egoera: «Ezagutzaren gorakada azken hamarkadan oso motela izaten ari da, erabilera ez aurrera ez atzera dago aspaldi, eta azken urteetan atzerako joera kezkagarriak sumatzen dira euskararen arnasguneetan». Euskalgintzaren egoerari ere erreparatu dio; hari ere, «kezkaz»: «Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko gai den arren, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen». Halaber, «ezinegona» sortzen diete gazteek euskararekin duten harremanak, euskararen erabileraren eta euskararen inguruan dituzten «ideiek, praktikek eta bizipenek».

Edonola ere, sareko kideen arabera, gazteen artean bada «euskararen borrokari heltzeko gogoa eta ilusioa», eta «oinarri» horiek aktibatzean dago gakoa, «konpromisoa indartu eta euskararen aldeko borrokari bultzada sendo bat emateko». Alde horretatik, gazteei zein gazte mugimenduei dei egin diete Gaztealdian parte har dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.